Iraileko igandeetan erromeria plaza bilakatu ohi da Zelatun. Baina beste data batzuetan ere tradiziozko leku hori aprobetxatuta, beste musika bat eramaten du Beertoki elkarteak. Hala egin dute azken hiru urteetan. Tradizioa eta berritasuna emanaldi berean elkartuz, laugarrenez, Errockmeria jaialdia antolatu dute. Uztailaren 13an egingo dute, 12:00etatik aurrera.
«Iazko edizioa oso ondo joan zen, jende asko elkartu ginen eta erantzuna positiboa izan zen. Bukatu bezain pronto datorren urtean berriro egingo genuela erabaki genuen; izan ere, normalean, urte osoan zehar hori eztabaidatzen dugu, baina aurreko urtean sentsazio onarekin bukatu genuen», esan du Aitor Otegi antolakuntzako kideak.
Sona handia dute uda partean izaten diren musika jaialdiek, baina Beertokikoek ez dute Errockmeria antolatu horrelakoei segika. Ohi bezala garagardo baten bueltan sortutako ideia izan zen. «Azken urteetan ez dugu garagardo festa antolatu eta, momentuz, hau da elkartekoek dugun motibazio bakarra», esan du antolatzaileak. Dagoeneko Errockmeria tradizio bilakatu da eta pozik agertu dira antolakuntzakoak: «Plan polita da, jendeari asko gustatzen zaio eta egun berezia eta ezohikoa izaten da».
Antolakuntza
Beertokin ibiltzen diren lau lagunak arduratzen dira agertokia muntatzeaz. Igandean goizean goiz abiatu eta Zelatunen soinu ekipoa jartzen dute. Antolatzaileak kontentu daude lortzen duten soinuarekin eta musika taldeen aldetik ere ez dute kexarik izan, orain arte. Ohi moduan, eguraldia dute kezka bakarra Beertokiko kideek. Euria egingo balu bertan behera geratuko litzateke jaialdia, baina ez lukete bero izugarririk nahi.
Otegik esan du «plaza berezia» dela Zelatun. «Gertuko mendia eta plaza da niretzako eta beste kideentzako ere berezia da; gauzak aurretik prestatzen ditugu, taldekide guztiak batera igotzen gara bidea itxi egiten delako eta abentura hori ere esperientzia oso polita izaten da». Sarrera irekia izango du musika jaialdiak eta lurraren mailan muntatuko dute agertokia.
Rockaren bueltan
Aurten, ordea, jaialdi formatuak aldaketak izango ditu; orain arte lau talde gonbidatzen zituzten, baina aurten hiru taldek emango dute kontzertua eta ordubeteko saioa eskainiko du bakoitzak. «Eguerdiko partea oso polita izaten da, mendira igo ostean, mokadutxo bat hartzeko tartea hartzen baitute askok, baina arratsaldean jaisteko gogoa izaten du jendeak eta gehiegi luzatzen da».
Urtero, gainera, estilo ezberdinetako taldeak gonbidatzen saiatzen dira jaialdira. «Rock mundua oso zabala da eta talde ezberdinak ekartzen ahalegintzen gara, jendearen gustuak asetze aldera». Urtean zehar Villabonako Sahrijai elkartean aritzen dira Beertokiko kideak eta hainbat musika talderekin harremana egitea ahalbidetzen die horrek. Aurten, Gorroto Bala, Indabe eta Kuartz taldeak gonbidatu dituzte.
IV. ERROCKMERIA
UZTAILAK 13, IGANDEA
12:00-15:00. Gorrot Bala, Indabe eta Kuartz taldeen kontzertuak, Zelatunen.
Zelatungo belazean, aurten, ondorengo hiru taldeak ariko dira Errockmerian
Gorroto Bala
Aiztondo eta Oiartzungo boskoteak osatzen du Gorroto Bala taldea. Kaleko doinuez, haien gorrotoak islatzeko asmoz jaio zen taldea. Aurtengo martxoan izen homonimoa duen lehen diskoa kaleratu berri dute; hamabi abestiz osatutako punk doinuak nonahi entzun daitezke lan luze horretan zehar.
Indabe
Indabe taldea Donostiako Antigua auzoan jaio zen. Musika elkarrekin jotzeko gogoa zuten hiru nesken taldea zen hasieran eta 2021 urtean laukote moduan elkartu ziren taldea beste maila batera eramateko asmotan. Bi urtetan Gipuzkoako gaztetxe eta festetan jotzen aritu ondoren, 2023ko uztailean pop-rock musika estiloa duten sei abestiz osatutako lehen maketa atera zuten: Noiz arte?. Orain, hirukote bezala jarraitzen dute Uxue Estrada (ahotsa eta gitarra), Nora Azurza (baxua) eta Peru Blanco (bateria).
Kuartz
Rockean oinarritutako Nafarroa Behereko taldea da, batzuetan bluesari eta bestetan stonerrari nahasten dena. Ibes Mongabure (kanta eta gitarra) eta Oihan Delavignek (bateria) osatzen dute taldea. Hauen lehen entseguak Hazparneko Ttattola gaztetxean hasi ziren 2016an, eta geroztik, bi disko kaleratu dituzte; I izenekoa 2018an eta II diskoa 2020an. Azkena, 2024ko irailean kaleratu dute, III izenburupean.