Tolosaldea Lanbide Heziketa Ikastetxe Integratuko 2024-2028 Proiektu Estrategikoaren baitan ezarrita dagoen helburu bat nazioartekotzea da. Horren bueltan atzerriko ikastetxe, erakunde eta enpresekin hainbat ekimen burutu ohi dituzte urtean zehar, eta aurtengo ikasturtean ere halaxe aritu dira. «Gaur egun gizarte gero eta globalizatuago batean bizi gara. Hau dela eta garrantzitsua ikusten dugu beste herrialdeetako erakundeekin harremanak garatzea», azpimarratu du Juan Luis Nazabal Tolosaldea Lanbide Heziketa Ikastetxe Integratuaren Nazioartekotze Proiektuaren koordinatzaileak.
Innotecs eta EfVET nazioarteko sareetan ari dira parte hartzen eta Ikaslan erakundearekin elkarlanean aritzen dira, besteak beste, baina nazioartekotze proiektuen bueltan ere elkartrukeak gauzatzen dituzte. Horren erakusle da Erasmus+ proiektuaren baitan ikasturte honetan zehar Tolosaldea LHII-ko 58 ikasleek egin dituzten luzera ezberdineko praktikaldiak atzerriko zenbait herritan; besteak beste, Txekiar Errepublikan, Hungarian, Herbehereetan, Grezian, Eslovenian, Austrian, Polonian, Italian, Portugalen eta Frantzian izan dira.
ELKARLANA OINARRI
Tolosaldea LHII-n elkarlana dute oinarri, eta hori bultzatzeko ikasturte osoan zehar beste herrialdeetako ikastetxeekin zenbait proiektu egiten dituzte. Esaterako, urte asko daramatzate Reunion Uharteko Lycée La Vue Belleko eta Hazparneko San Josepe Lizeoko ikastetxeekin elkarlanean, eta aurten ere bi horiekin elkartrukeak gauzatu dituzte.
Tolosaldea LHII-ko ikasleek bi asteetan mugikortasuna burutu zuten Reunion Irlako Lycée La Vue Belle ikastetxeko Merkataritzako ikasleekin batera. Reunion Irlako hamabi ikasleek, berriz, maiatzean izan ziren Tolosan, eta eskualdeko denda zein supermerkatuetan egin zituzten praktikak. Hazparneko San Josepe Lizeoko Mekanizazioko ikasleekin ere bi eguneko elkartrukea burutu zuten, eta Informatikako Sareko Sistemen Administrazioko zikloko ikasleak ere hiru egunetan izan ziren Hazparnen. Ondoren, San Josepekoak etorri ziren Tolosaldera; besteak beste, Ormaiztegin dagoen Irizar enpresa ezagutu eta kirol jarduerak burutu zituzten.
Frantziako Decazevillen dagoen Lycée La Découverteko ikasle batek ere praktikak burutu zituen hilabete batez Euskal Herriko Cianco enpresan. Horrez gainera, Herbehereetako Alfa College eta Koning Willem I ikastetxeetan izan dira Tolosaldea LHII-ko hamasei ikasle mugikortasun konbinatuak eta VET Skills motatako mugikortasunak burutzen. Horren ostean, Alfa College eta Koning Willem I Herbehereetako ikastetxeetako hamabost ikasle eta hiru irakasle izan ziren Tolosan proiektu ezberdinen baitan.
Greziako Patras hiriko Bigarren Hezkuntzako Lanbide Eskola bereziko (ENEEGYL) bazkide diren bi ordezkari ere Tolosan izan ziren eta, maiatzean, ikastetxe horretako hamaika ikasle eta hamar irakasle etorri ziren bi astez Sutargi enpresara eta Fraisoro Lanbide Heziketa ikastetxera praktikak burutzera.
IRAKASLEEN PRESTAKUNTZA
Ikasleen artean ez ezik, Tolosaldea LHII-ko irakasleen artean ere ohikoak izaten dira atzerriko egonaldiak prestakuntza jasotzeko eta ezagutza indartzeko. Ikasturte honetan hainbat izan dira irakasleek jaso dituzten prestakuntzak; esaterako, Alemanian sei irakasle izan dira, Frantzian lau irakasle, Suedian hiru irakasle, Finlandian irakasle bat eta Herbehereetan lau irakasle bi mugikortasun proiektu ezberdinetan.
Herbehereetako Alfa College ikastetxeko hiru irakasle hiru egunez izan ziren Tolosan prestakuntza jasotzen, eta bertan izan ziren ere kirol alorreko bi irakasle lan egiteko modu berriak zein datorren ikasturterako praktika onak barneratzen. Baina ez ziren bakarrik izan. Italiako Instituto Tecnico Economico e Tec (ITET) Andrea Mantegna ikastetxeko lau irakasle ere Lanbide Heziketa eta metodologia sakonago aztertzen aritu ziren astebetez Tolosan. Aste horretan, gainera, Pasaban enpresa ezagutzeko aukera ere izan zuten.
KA2 PROIEKTUA
Europar mailan benetako inklusiozko hezkuntza baten kontzeptua hobetzea du helburu KA2 proiektuak, eta horren baitan hainbat proiektu dituzte martxan Tolosaldea LHII-n. Horietako bat aurtengo ikasturtean abiatu berri duten If we don´t change, the world will change izenekoa da. Honen helburua ikasle zein irakasleen «kontzientzia piztea» dela azaldu du Nazabalek, jasangarritasun edukia lantzeko. Proiektu honen baitan, bost ikasle eta bi irakasle laguntzaile joan ziren Alemaniako Essen hirira eta hainbat ekintza burutu zituzten urak duen garrantziaz jabetzeko.
Proiektu honek, ordea, datorren ikasturtean izango du jarraipena. Esaterako, irailean, Turkiara joango dira karbono arrastoak uzten dituen eraginak aztertzera, eta maiatzean, berriz, Tolosan izango dira zaborraren kudeaketa egokia egiten ikasiz.