Urkaregi bigarren eta Olano seigarren, Espainiakoan

Ataria 2025eko ekainaren 30a

Urkaregi ezkerrean, Espainiako Txapelketako podiumean. Argazkia: RFEC.

Eñaut Urkaregi GT Tolosa-Danena taldeko txirrindulari larrauldarra txapeldunorde izan zen larunbatean, Granadan jokatu zen junior mailako Espainiako Txapelketan, errepideko proban.

Bezperako erlojupekoan 16. izan zen Urkaregi, eta ez zegoen gustura emaitzarekin. Biharamunean, baina, arantza kentzea lortu zuen. Benjamin Noval asturiarra izan zen garaile, eta Urkaregi 4 minutu eta 23 segundora helmugaratu zen. Mario Cordero andaluziarra izan zen hirugarren.

Larunbatean ere, junior mailako emakumezkoen lasterketa jokatu zen. Maier Olano Zu-K Limousin taldeko txirrindulari tolosarra seigarren postuan helmugaratu zen. Bezperan jokatu zen erlojupeko proba, eta orduan ere seigarren izan zen Olano.

Igandean, berriz, nagusien mailako proba jokatu zen. Kern Pharma taldeko Unai Iribar ibartarrak eta Caja Ruraleko Gorka Sorarrain tolosarrak parte hartu zuten. Iribar 27. postuan helmugaratu zen; Sorarrain, berriz, 37. izan zen helmugan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!