Eskualdeko lau txapeldun, Euskal Herriko Sega Ligan

Ataria 2025ko eka. 30a, 20:00

14 urtez azpikoen mailan, Xuban Gartzia gazteluarrak irabazi du; 14 eta 18 urte bitartekoetan, Izadi Arrospide leaburuarra izan da onena; nagusien mailan, gizonezkoetan, Amaiur Arrospide leaburuarrak jantzi du txapela, eta emakumezkoetan, Alaitz Imaz hernialdearra izan da garaile.

Maiatzaren 25ean hasi zen Almitza Sega Elkarteak antolatutako Euskal Herriko XV. Bakarkako Sega Liga, Bidania-Goiatzen, eta larunbatean jokatu zen hirugarren eta azken jardunaldia, Hernanin. Sei mailatan banatuta aritu dira segalariak, eta horietatik lauretan, eskualdeko segalari banak lortu du txapela janztea.

Hernanin jokatutako azken saioan, 14 urtetik azpikoen mailan, Xuban Gartzia gazteluarra izan zen onena, eta bera izan da ligako garailea, 178 punturekin. Mari Olazar herrikidea bigarren izan da 177 punturekin, eta Izar Mendizabal hirugarren, 169 punturekin. Ligan aritu diren gainerako segalariak gazteluarrak izan dira, eta hurrenkera honetan sailkatu dira laugarren postutik zortzigarrenera: Claudia Pellus, Irati Tome, Xare Iriondo, Aner Zunzunegi eta Haizea Larrañaga.

14 eta 18 urte bitartekoen mailan, mutiletan, Manex Olaiz izan zen onena Hernanin, eta berak irabazi du liga, 180 punturekin, Harri Mitxelenaren eta Mattin Etxarriren aurretik. Nesketan, berriz, Inge Goikoetxea gazteluarra izan zen onena Hernanin, Izadi Arrospide leaburuarraren eta Lorea Zunzunegi gazteluarraren aurretik. Hala ere, Arrospidek irabazi du liga, 179 punturekin. Goikoetxea izan da bigarren, 178 punturekin. Zunzunegi hirugarren izan da, 174 punturekin.

Nagusien mailan, gizonezkoetan, Oier Urkola anoetarra gailendu zen Hernaniko proban. Altzo Jauregi izan zen bigarren, eta Amaiur Arrospide leaburuarra hirugarren. Mikel Lizartza tolosarra bosgarren izan zen. Arrospidek irabazi du liga, Jauregirekin 177 puntutara berdinduta. Urkola izan da hirugarren, 175 punturekin, eta Lizartza laugarren sailkatu da, 172rekin.

Emakumezkoetan, Alaitz Imaz hernialdetarrak irabazi zuen Hernaniko proba. Ainara Otamendi ibartarra izan zen bigarren, Luixa Uzkudun eta Izadi Arrospide leaburuarrak hirugarren eta bosgarren izan ziren, hurrenez hurren, Jugatx Agirre berastegiarra zazpigarren izan zen eta Sheyla Sarasola lizartzarra zortzigarren postuan sailkatu zen. Imazek irabazi du liga 180 punturekin, hiru probak irabazi ondoren, Uzkudun bigarren izan da, 176 punturekin, eta Otamendi hirugarren, 174 punturekin. Podiumetik kanpo geratu dira Arrospide, Agirre eta Sarasola; bosgarren, seigarren eta zortzigarren sailkatu dira, 167, 166 eta 159 punturekin, hurrenez hurren.

Azkenik, beteranoen mailan, Joakin Garmendia anoetarrak bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen Hernanin, baita ligako sailkapenean ere. Pabi Astondoa jaun eta jabe izan da hiru probatan.

Hiru probetako emaitzek erabaki dituzte Bavarian (Alemania) jokatuko den Europako Sega Txapelketa parte hartuko duten euskal ordezkariak.

Argazkiak: Almitza Sega Elkartea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!