Jon Ander Peña edo Iñaki Artola. Bietako batek jokatuko du uztailaren 7an Lau Eta Erdiko San Fermin Txapelketako finala, Iruñeko Nafarroa Arena pilotalekuan. Pasa den astean jokatu zituzten Baiko eta Aspe enpresetako pilotariek final-laurdenetako partidak, eta ondorioz, erabakita geratu dira ostiral honetan, uztailak 4, Donostiako Atano III.a frontoian jokatuko diren bi finalerdiak.
Lehenengoan, Jon Ander Peña tolosarrak eta Iñaki Artola alegiarrak neurtuko dituzte indarrak. Peña II.ak 22-13 hartu zuen mendean Larrazabal, pasa den ostiralean, Gernikan. Artolak, emaitza berarekin irabazi zion Bakaikoari, ekainaren 25ean, Hernanin.
Ondorioz, aurtengo finalean ere, eskualdeko pilotari bat izango da. Hori bai, ez da eskualdeko derbirik izango, Jokin Altunak ez baitu lortu finalerdietara sailkatzea, eta ondorioz, ezin izango du inoiz ikusi gabeko marka ezarri: hiru aldiz jarraian txapela janztea. Atzo, Mungian jokatu zuen final-laurdenetako kanporaketan, 19-22 galdu zuen Zabalaren aurka. Errioxarrak Peio Etxeberria izango du aurkari Donostiako finalerdian; zenoztarrak, 20-22 irabazi zion Ezkurdiari, ostiralean, Sopelan.
Altuna, arazo fisikoekin
Altunak, gainera, min hartu zuen partida amaieran. Markagailua 17-19 zela, Zabalak egindako gantxo bat erantzutera zabalera joan, eta irrist egin zuen amezketarrak. Ezker hankako belaunean hots bat nabaritu zuela adierazi zuen partida bukatu ostean. Kantxara itzuli zen Altuna, eta jokatzen jarraitu zuen, nahiz eta berak aitortu moduan, mugimenduak egiterakoan zalantzekin eta deseroso aritu. Bi tanto gehiago egin zituen, baina ezin izan zuen irabazi.
Ezker belaunean arazoak izan arren, bihar, Irunen jokatzekoa da Altuna III.a. Ikusi beharko da nolako bilakaera duen lesioak. Asteburuan, berriz, binakako San Fermin torneoa hasiko da.