Tolosaldeko ospitale publikoa

«Leialtasun eta errespetu falta» egotzi diote Osasun Sailburuari

Ataria 2025eko ekainaren 25a

Alkizako, Tolosako, Asteasuko eta Ibarrako alkateak, eguerdian, Tolosako anbulatorioaren kanpoaldean.

Tolosaldeko Alkateen Mugimenduak harridura azaldu du, «Osasun Sailburuak eurekin partekatu gabe» komunikabide batean eskualdeko ospitalearen inguruan kaleratutako informazioarekin.

Tolosaldeko Alkateen Mugimenduak adierazi du «zur eta lur» geratu dela Osasun Sailak komunikabide batean  eskualdeko etorkizuneko ospitalearen diseinua «dagoeneko amaituta» duela baieztatu ostean. Hain justu, baieztapen horiek Alkateen Mugimenduko ordezkaritza bat Osasun Sailburuarekin bildu osteko biharamunean argitaratu ziren. Bertan, bileran jaso ez zituzten «informazioak eta zehaztasunak» argitaratu zirela adierazi dute.

Alkateen Mugimenduaren izenean Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak azaldu du «urte hasieratik bilera eskatzen ibili eta gero», iragan ekainaren 13an bildu zela Alkateen Mugimenduko ordezkaritza bat Osasun Sailburuarekin eta bere taldearekin. «Egun horretan bertan komunikabideetara bidali genuen oharrean jaso genuen bezala, bilera giro egoki eta eraikitzailean garatu zen».

Martinez de Rituertok zehaztu du «hainbat informazio» eman zietela, baina, «orokortasunetara» mugatu zirela eta ez zirela «inongo zehaztapenetan» sartu: «Esaterako, Tolosakoa ez dela izango eskualdeko ospitale autonomo bat esan zuten, Donostiako Ospitalearen adar bat baizik; ospitalizazioaz gain, konplexutasun txikiko kirurgia egingo dela esan zuten, eta ebakuntza konplexuak, berriz, Donostiako Ospitalera bideratuko direla. Froga osagarrietan, kolonoskopiak kasu, erreferentzia izateko bokazioa izango lukeela ere esan zuten».

Tolosako alkateak nabarmendu du, plan funtzional berriaren lanketan ari zirela esan zietela Osasun Sailburuak eta bere taldeak, eta hori islatu zutela bileraren ostean zabaldutako oharrean. Alkateen «harridurarako», ordea, komunikabide horretan argitaratutako informazioan prestazioak jasotzen dituen dokumentua alkateekin partekatu zela irakur zitekeen. «Argi eta garbi esan behar dugu ospitalearen diseinua amaituta dagoenik ez zitzaigula bileran esan, eta ez dokumentu ez datu zehatzik ez genuela jaso», adierazi du Martinez de Rituertok.

Alkateek esan dute «oso zaila» egiten zaiela jokabide hori ulertzea, eta uste dute ez diola inori mesederik egiten. «Leialtasun eta errespetu falta ikaragarria da goizean gurekin bilera egin eta arratsaldean komunikabide bati horrelako informazio desitxuratua filtratzea. Are eta larriagoa Eusko Jaurlaritzaren Irekia orrialdean ezertxo ere publikatu ez denean».

Bestalde, argitaratutako informazioan, Tolosako Udalak egin beharreko HAPOaren aldaketa puntualaren gaineko «zalantzak» jasotzen dira: «Nola azalduko gara ba aurka guk geuk bideratu dugunean prozesua eta behin eta berriz esan dugunean prozedurak bere ohiko bide administratiboa daramala? Tolosako Udalak 2024ko azaroan behin-behineko onarpena eman ondoren erakunde ezberdinei txosten sektorialak eskatu zitzaizkien, eta azkena, Osasun Sailarena hain zuzen, pasa den maiatzaren 27an jaso zen», adierazi du Tolosako alkateak, eta gaineratu hirigintzako teknikariek epe motzean eginbide administratibo guztiak bukatuta espero dituztela.

Horiek horrela, Tolosaldeko alkateek «irmoki» eskatu dute «dirudienez egina duten plan funtzional zehatza» epe motzean jasotzea, «beranduenera ere 2025eko abendurako». Era berean, ospitale berrian artatuko ez lituzketen patologiak non eta nola artatuko diren «gardentasun osoz» azal diezaietela eskatu dute. 

Halaber, Asuncion klinikako zerbitzuak kontratatzen jarraituko ote duten behin Tolosako proiektua bukatu eta martxan jarri ondoren argitzea ere eskatu dute. «Bitartean, argi eta garbi azaldu dezatela zein neurri hartuko diren Asuncion Klinikak dituen espezialista ez homologatuen arazoa konpontzeko eta pazienteen segurtasun arazoak bideratzeko», gaineratu dute. 

Tolosaldeko Alkateen Mugimenduak esan du elkarlanaren bidea jorratzen jarraitzeko konpromisoa berresten duela, «baina horretarako errespetu instituzionala eta gardentasuna funtsezkoak dira». Era berean, lanean jarraituko dutela esan dute, «Tolosaldeko herritarrekin batera, behar dugun osasun arreta publiko integral eta kalitatezkoaren alde».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!