Bigarren mailarako igoera jokatu du azken bi asteburuetan Sansek. Aurkaria Tarragonako Gimnastic izan du; Tarragonan 1-3 irabazi ostean, igandean hilaren 22an, itzulerako partida jokatu zuten Zubietan.
Neurketa zirraragarria izan zen eta luzapenean erabaki zen hurrengo denboraldian bigarren mailan nork jokatuko duen. Jon Balda anoetarrak partida osoa jokatu zuen, eta Unax Agote luzapeneko lehen zatian zelairatu zen.
Gimnastic-ek finala berdintzea lortu zuen, lehen zatian gola egin eta bigarrenean penalti bat baliatuz. Luzapena jokatu behar izan zen, eta bigarren zatian Sansek penalti baten bidez lortu zuen balentria.
Iker Ropero alegiarrak, Realaren hirugarren taldean jokatzen duen jokalariak, joaneko partidan deialdian egoteko aukera izan zuen baina ez zuen minuturik jokatu. Sanserekin denboraldian zehar bi partida jokatu ditu eta baliteke datorren urteko denboraldiaurrea Sanseren dinamikan egotea.
Txanponaren beste aldea
Balda eta Agotez gain, eskualdeko hirugarren jokalari bat ere izan zen kanporaketan, Tarragonako Gimnastic taldean jokatzen duen Ander Gorostidi tolosarra. Gorostidiren kasuan, futbolaren alderdi iluna dastatzea tokatu zaio bigarren urtez jarraian; pasa den urtean Malaga taldearen aurka galdu baitzuen bigarren mailara igotzeko finala.