Enba sindikatuak adierazi duenez, «gure jakien jatorria berraurkitzea eta beren ingurune naturalean, mahaian dastatzen ditugun elikagaiak ekoizten dituzten baserritarrak ezagutzeko aukera eskaintzea» da aurtengo Ongi Etorri Baserrira ekimenaren helburua. «Bertako elikagaien aldeko apustu garbia da, landa-guneari balorea emateko, barrualdeko zonaldetako turismoa sustatzeko eta nola ez, gure herri gastronomia goratzeko» gaineratu dute.
Hala, uztailaren 4an, Asteasuko Bulano baserriak eta Balerdipeko Erleak irekiko dituzte ateak. Bulano baserrian, esne behiak ikusi eta Nirea haur tailerrak egiteko aukera izango dute bisitariek. Belardipen berriz, erlezainen buzoa jantzi, erleak gertutik ikusi eta eztigintzaren magia ezagutzeko aukera izango da.
Uztailaren 5ean, Balerdipek berriz ere bere ateak zabalduko ditu bisitarientzat. Berarekin batera, Aralarren aurkitzen den Buruntzuzingo borda izango da ekimen honetan ateak irekitzen dituen eskualdeko hirugarren eta azken baserria. Artzain txabola hau Arritzagako parajean dago kokatua, Buruntzuzineko antzinako kobre meategien ondoan. Bisitariek ordu eta erdiko ibilaldi bat egiteko aukera izango dute, eta ogitartekoa eta edaria etxetik eramatea gomendatu dute.
Izena ematea dohain
Ate irekietara joateko asmoa duten guztiek, Ongietorribaserrira.eus webgunean eman beharko dute izena ekainaren 30a baino lehen. Izena ematea doakoa izango da eta informazio gehiago eskuratzeko, 943 65 01 23 telefono zenbakira deitu beharko da.