Tolosaldeko euri erauntsia

Euriteek eragindako ezbeharrak bideratzeako aholkuak eman ditu Kontsumo Bulegoak

Ataria 2025eko ekainaren 18a

Ostiraleko euri erauntsiak sortutako kalteak direla eta lasaitasun mezua zabaldu nahi izan du Tolosaldeko Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak.

Uholdeak aparteko klima-arriskutzat jotzen direla gogoratu du Tolosaldeko KIUBak, eta ondorioz aseguru-etxeek, oro har, mota horretako arriskuak baztertzen dituztela beren kontratuetan. Hori horrela, Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak aseguru-etxeek estaltzen ez dituzten ezohiko arriskuengatiko kalte-ordainak bere gain hartzen dituela gogoratu du eta partzuergo hori izaera publikoko erakundea dela nabarmendu du. Beraz, horrelako arriskuak gertatzen direnean, kaltetuek indarrean dagoen aseguru-poliza bat badute hondamendia gertatzen den unean, eta aseguruaren ordainketa eguneratuta badute —konpentsazioa eskatzean egiaztatu beharko dituzten baldintzak—, partzuergoak hartuko du bere gain kalte-ordaina.

Aldiz, aseguru polizarik ez duten kaltetuen kasuan, partzuergoak ez ditu estaliko horiek izandako kalteak eta horrelakoetan Espainiako Gobernuak, Gipuzkoako Foru Aldundiak hala eskatuta, ezbeharra izan den ingurua hondamendi-eremu izendatzen duen ikusi behar da, horren arabera jaso baititzakete laguntza publikoak.

Uholdeek eragindako kalteak estali ditzaketen aseguru motak:

  • Istripu-asegurua (lesio pertsonalen kasuan)
  • Etxeko asegurua (egitura-kalteen eta edukian izandako kalteen kasuan)
  •  Jabekideen komunitatearen asegurua (komunitatearen eremu komunetan kalteak izanez gero)
  •  Merkataritza-, enpresa- eta industria-asegurua (instalazioetan kalteak izanez gero, galera ekonomikoez gain)
  • Kotxeko asegurua
  • Nekazaritza-asegurua (uztak, animaliak eta instalazioak kaltetuz gero)

Kalte ordainak eskatzeko prozedura:

  • Kalteak grafikoki dokumentatu behar dira edozein garbiketa edo konponketa egin aurretik. Jasandako kalteen argazkiak eta bideoak egin behar dira.
  • Kalteen inbentarioa egin behar da, eta kalteen ondorioz egindako gastuen fakturak eta ordainagiriak gorde behar dira.
  • Ezbeharra aseguru-etxeari lehenbailehen jakinarazi behar zaio, gehienez ere 7 eguneko epean. Aseguru-etxeek Aseguruen Konpentsazio Partzuergoraa bideratuko dituzte kasuak. Dena den, posible da partzuergoari zuzenean jakinaraztea.
  • Ezbeharraren berri aseguru-etxeari jakinarazi ondoren, perituak eragindako jabegoa bisitatuko du kalteak ebaluatu ahal izateko. Perituak euriteek kaltetutako eremuak zehatz-mehatz ikuskatuko ditu. Bildutako frogak (argazkiak, bideoak eta dokumentu garrantzitsuak) bereziki baliotsuak izan daitezke erreklamazioa babesteko, nahiz eta perituak dokumentazio osagarria eska dezakeen bisitan zehar. Bildutako informazio guztiarekin, perituak kalte-ordainari dagokion zenbatekoa zehaztuko du.

Hala ere, eta argibide horiek guztiak gorabehera, adierazi behar da egoera bakoitza bakarra dela. Horrek ebaluazio xehatua egitea eskatzen du, kasu bakoitzaren inguruabar indibidualen eta kontratatutako aseguruaren klausula espezifikoen araberako kalte ordain egokia bermatzeko.

Ezbeharra aseguru-etxeari jakinarazteko bideak:

 
  • Telefonoz: kasu horretan, komeni da polizaren zenbakia eskura izatea eta, behin ezbeharra jakinaraztean, hari esleitutako erreferentzia-zenbakia emateko eskatzea, baita, ahal bada, arreta emango dien izapidegilearen izena ere.
  • Posta elektronikoa: bertan sartu behar dira oinarrizko datu pertsonalak, poliza-zenbakia eta aseguruaren ordainagiria, baita klima-gertaerari buruzko informazio garrantzitsu guztia ere (data, gertaeraren iraupena...) edo jasandako kalteen xehetasunak (argazkiak, bideoak, fakturak...). Meteorologia-fenomenoaren intentsitateari buruzko informazioa ematen duten txosten meteorologiko ofizialak izanez gero, baliagarriak izan daitezke erreklamazioa babesteko. Gainera, jaso izanaren baieztapena bidaltzeko eskatu behar da, aseguru-etxeak ezbeharraren jakinarazpena jaso duela egiaztatu ahal izateko. Jasotzen ez bada, atal honetan adierazitako beste bi bide alternatiboren bat aukeratu beharko da.
  • Bulegoak: langileek eskatutako dokumentazio guztia eraman.

Aseguruaren baldintzak interpretatzerakoan zalantzak edo zailtasunak izanez gero, edo balizko estaldurei buruzko eztabaidak izanez gero, Tolosaldeko KIUBaren lege- aholkularitzara jotzeko eskatu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!