Ostiral gaueko euriteek eragindako kalteak neurtzeko eta aurrera begirako neurriak hartzeko Abaltzisketa, Alegia, Altzo, Anoeta, Baliarrain, Berastegi, Berrobi, Elduain, Hernialde, Ibarra, Ikaztegieta, Larraul, Lazkao, Lizartza, Orendain eta Tolosako alkateak eta teknikariak Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariekin bildu dira gaur goizean.
Irune Berasaluze Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak zehaztu duenez, 24 udalerri izan ziren kaltetuak. Hogei bat enpresetan ere kalteak izan ziren, batez ere Alegiako, Amezketako eta Ikaztegietako industrialdeetan. Gainera, 53 gorabehera izan ziren errepideetan euriteen ondorioz, eta ostiraletik igandera bitartean suhiltzaileen 190 abisu inguru artatu ziren, batez ere uholdeekin, galtzadako urarekin eta lur-jausiekin lotuta.
Berasaluzeren hitzetan, «larunbateko lehentasuna izan zen giza galerarik egon ez zela egiaztatzea eta sarbideak erraztea, kaltetutako errepideak berriro irekiz». Hala, nabarmendu duenez, kaltetutako bide-sarea % 100 berrezarri zen 72 ordu baino gutxiagoan, lur-jausi guztiak garbi zeudela. Hori posible izateko lan egin eta lagundu zuten guztien laguntza eskertu du, eta gaineratu, orain egonkortze-lanak eta eremu horietako bide-segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren beste jarduera batzuk egin beharko direla.
Bestalde, gaur egindako bileran guztiek adierazi duten «asmo ona eta elkarlanerako gogoa» azpimarratu du: «laguntzeko eta uholde horien ondorioak arintzeko beharrezkoak diren neurriak lehenbailehen aktibatzeko borondate argia erakutsi da». Hiru lan eremu lehenetsi dituzte. Alde batetik, dagoeneko ireki diren errepideak eta bidegorriak garbitzeko lan egingo dute, baina txukuntzea falta da, uholdeen hondarrak ezabatuz. Bigarrenik, kaltetutako hogei enpresen kalteak ebaluatuko dituzte. Horretarako, Tolosaldea Garatzenekin batera ari dira lanean. Azkenik, baserri-bideei eta ur-kanalizazioei dagokienez, baserrietako sarbideetan izandako kalteak kuantifikatuko dituzte, Partzuergorako txosten teknikoak egiteko eta Etorlurrekin batera egin daitezkeen jarduerak baloratzeko.
Basoei begirada
Igor Zapirain Ibarrako alkateak azaldu duenez, lehen bilera horretan, alkate bakoitzak bere herriaren egoeraren berri eman du, eta epe laburrean beharko dituzten baliabideak zehaztu dituzte. Horrekin batera, kalte ekonomikoak handiak izango direla aurreikusi du Zapirainek, eta horiek zehazteko bidea zabaldu dute. «Posta elektroniko bat eman digute eta hor joango gara gure gastuak, gure zalantzak edota ekarpenak zintzilikatzen». Segurtasunari dagokionez, kaltetuak izandako lekuak zehaztu dituzte eta aldundiko teknikariak bertaratuko direla adostu dute bileran.
Ekaitza izan zen unean erakundeen erantzuna nolakoa izan zen ere jarri dute mahai gainean. Ibarrako alkateak esan duenez, egun guzti hauetan aldundia eurekin harremanetan egon da: «alkate guztiek esker ona adierazi dugu erakundeetatik segituan jarri direlako harremanetan gurekin». Kalte handieneko guneak lehenesteak hainbat lekutara baliabiderik ez iristea ekarri zuen, baina Zapirainek adierazi du, oro har, ulertu zela hori, eta enpresa pribatuetara joz lortu zutela azkenean egoerari aurre egitea.
Eragindako kalteak konpontzeko egin beharrekoez gain, horrelako egoerak saihesteko hartu daitezkeen neurriak ere jarriko dituzte jomugan. «Mahai gainean jarri duguna da urteetan albo batera utzi ditugun basoei begirada luzatu behar diegula. Garai batean gure arbasoek ubideak-eta oso ondo zaintzen zituzten, eta, gaur egun, ekaitzak ere aldaketa klimatikoarekin handiagoak izaten dira. Beraz, agian ubide horiek berreskuratu beharko lirateke, ura soilik leku batetik jaitsi ez dadin. Era berean, basoak botatzerakoan, politika batzuk mahai gainean jarri behar direla uste dugu, agian ekintza graduatuagoak izatea. Azken batean, goian erortzen den urari oztopoak jartzea da gakoa, ez dadin guztia bat-batean etorri», azaldu du Ibarrako alkateak.
Gaurkoa izan da lehen bilera, eta aurrerantzean banakako bilerak egingo dituzte herrietako alkateek aldundiarekin. Hori bai, beste bilera orokor baten beharra balego egitekotan geratu dira.