Tolosaldeko euri erauntsia

Asteburuko euriteak kalteak eragin ditu eskualdeko herrietan

Ataria 2025eko ekainaren 16a

Gipuzkoako Foru Aldundiak kaltetutako udalerrietako alkateekin lan-mahai bat jarriko du abian, eta bihar egingo dute lehen bilera, behar diren neurriak aktibatzeko.

Asteburu zaila izan da eskualdean. Ostiral iluntzean ekaitza lehertu zen eta ondorioz, uholdeak izan dira eskualdeko hainbat herritan. 22:30etik aurrera euria gogotik egin zuen eta tarteka baita kazkabarra ere, eragozpen handiak sortuz. Tolosan, esaterako, ur putzu handiak sortu ziren eta Larramendi auzoko pasabidea erabat urpean geratu zen. Tolosako Udalak jakinarazi duenez, larrialdi zerbitzuak eta Herri Babeserako boluntarioak gau osoan zehar aritu ziren lanean ur-ponpekin ura xurgatzen. Aldaban, gainera, baserri bat txikituta geratu da, mendi magaleko lur mugimendu batek eraikina erabat lurperatuta utzi ostean.

Ibarran ere kalte handiak izan dituzte. Argindegi auzoan luiziak izan ziren eta Euskal Herria kaleko trafikoan eragina izan zuen; errepide nagusian lokatza eta enborrak pilatu ziren. Garaje batzuk ere urez bete ziren eta suhiltzaileak aritu ziren lanean arazoa konpontzeko. Denda bateko erakusleihoa ere lehertu zen eta, oraindik, garbiketa lanak egiten dabiltza bertan. Ibarrako Udalak euriteen ondorioz herritarrek sortutako hondakinak biltzeko helburuarekin, kontenedore handiak jarriko ditu honako kaleetan: Euskal Herria 45, Julian Gaiarre 21 eta Iturburu 14.

Egoerarik okerrena Izaskunen izan zuten halere, hiru baserri inkomunikatuta geratu baitziren eta ezin izan zen auzora igo. Ibarra aldetik Izaskunera igotzeko errepidea oraindik itxita egongo da, luizi horietako bat ondo aztertu arte segurtasuna bermatzeko. Lehentasuna bide publikoek izango dute, batez ere, Euskal Herria kalea eta Azkue auzoen garbiketak. Horretarako, aparkatutako kotxeak kendu behar direla jakinarazi dute udaletik. Kotxeak Zubizarretan utzi daitezke, eskolapio azpiko aparkalekuan edo beste auzoren batean.

Era berean, Ibarratik Berastegira joateko errepidean eragozpen ugari izan zituzten; lokatza, zuhaitzak, enborrak eta bestelakoak zeuden bidea oztopatzen. Ez zen erraza izan Tolosatik Berrobira iristea ere. Aitzol Izquierdo Berrobiko alkateak esan du, arazo ugari sortu direla herrian. «Garaje bat baino gehiagotan sartu da ura, hainbat bizilagun kotxerik gabe geratu dira, errepidean lokatza eta harriak dira nagusi eta hainbat baserritara iristeko bideak ez daude erabilgarri, besteak beste». Guztia bideratzen aritu dira asteburuan, eta herritarrak kalera atera dira palak eta eskorgak hartuta euriteen ondorioak leuntzen saiatzeko. Elduain eta Berastegiko herritarren laguntza jaso dute berrobitarrek, baita bi herrietako udalena ere. Guztira 80 bat pertsona aritu ziren larunbatean herrigunea garbitzen.

Orain, epe motzerako lanak abiatuko dituzte. Izan ere, Berrobiko Eutela auzoan lau erreka daude, eta horietatik jaisten den ura herriaren azpitik igarotzen da Zelai errekara jo arte, hau da, Berastegitik Ibarrara jaisten den errekara jo arte. Une honetan, lan horiek egiten dituzten hodiak kolapsatuta daudela jakinarazi du Izquierdok, «zabor pila bat pilatu baita tuberietako sarreretan eta ostiraleko luiziak horregatik gertatu ziren, ura errekaren goikaldetik hasi zelako ateratzen». Hori berriro gerta ez dadin garbiketa lanak abiatuko dituzte gune horretan.

Amezketan ere gauza bera gertatu da. Herrian hainbat zonaldetan sartu da ura eta herritarrak guztia garbitzen laguntzeko bildu ziren. Koordinazioa hobetze aldera, izandako kalte publiko nahiz pribatuen zerrenda bat ireki dute. Beraz, kalteak jasan dituen orok udaletxeko bulegoetara deitzeko eskatu dute udaletik, horien berri emateko. Horrez gainera, baserri bideak konpontzeko urteroko partida handitzea erabaki dute.

Alegian, Ikaztegietan, Zizurkilen eta Amasa-Villabonan ere lur jauziak izan dituzte. N-I errepidean, bai Irura parean eta Ikaztegieta inguruan ere, ur putzu handiak sortu ziren. Ugarten argindarrik gabe geratu ziren eta Alegiarako errepidea itxi behar izan zuten, besteak beste.

ENPRESETAKO EGOERA

Egoera honek enpresetan ere ezbehar nabarmenak sortu ditu. Horregatik, Tolosaldea Garatzenetik, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, eta egoeraren larritasuna kontuan hartuta, kalteen dimentsioa baloratu nahi dute. Horretarako, uholdeek enpresetan eragin dituzten kalteen berri ematea eskatu dute. Hala, behar diren baliabideak koordinatu eta ahal den neurrian laguntza eskaintzea ahalbidetuko dute. Interesa dutenek kalteen deskribapen laburra (instalazioetan, ekipamenduan, produkzioan...), kalteen aurrekontu orientagarri bat eta harremanetarako kontaktu bat eman beharko dute lehiberri@tolosaldea.eus helbidean.

FORU ALDUNDIKO BILERA

Igandean, Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusiak eta Felix Urkola Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatuak herriz herri bisitatu zituzten kaltetutako herriak. Tolosaldean ez ezik, Goierrin ere izan ziren. Bisita horretan, kaltetuak izan diren udalerrietako alkateekin izan ziren, eta haiekin lan-mahai bat abian jartzea adostu dute, kalteen balorazioa egiteko, gertakarien bilakaeraren jarraipena egiteko eta behar diren neurriak elkarrekin aktibatzeko. Bihar egingo dute lehen bilera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!