Atzo gauetik garbiketa lanak etengabeak ari direla izatean esan du Eider Mendoza diputatu nagusiak. Gehitu du egoeraren jarraipena gertutik egiten ari direla. «Gaur gaurkoz, segurtasuna da lehentasuna, eta horren arabera ari dira antolatzen lehentasunezko jarduketak».
Azken orduetako datuen arabera N-I errepidea irekita dago, nahiz eta Ikaztegietako sarrera itxita mantentzen den oraindik, errepidearen garbiketa lanak direla eta. Jarduera horiek geldialdi puntualak eragin ditzakete.
Era berean, eta euriteak eragindako lur-jausien ondorioz, GI 2130 errepidean ere (Ibarra, Berrobi eta Berastegi artekoa) garbiketa lanekin dihardute. Trafikoari dagokionez, barruko joan-etorriak lehenetsi dira, eta Iruñea eta Donostiaren arteko mugimenduak Etxegaratetik egitea eskatu dute.
Alegia eta Amezketaren arteko Ugarte auzoan, bidea guztiz itxita egon da, baina orain errai bat ireki dutela esan du, eta une honetan bigarren erraia garbitzen ari direla bidea guztiz irekitzeko. Bigarren mailako hainbat errepidek ere oraindik ez dute zirkulaziorik, eta helburua da guztien irekiera segurtasunez bermatzea.
Datu orokorrak eta herritarrei gomendioak
Datu orokorrei dagokionean, ezohiko egoera honen ondorioz 100 dei jaso dituzte gauerdiko 11:30etik 12:30era bitartean. Era berean, gaur goizeko 06:30ak arte 140 irteera egin dituzte Foru Suhiltzaileen Zerbitzuek. Eskualde kaltetuenak Tolosaldea eta Goierri izan dira. Egoera horren aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundiak herritarrei dei egin die garbiketa lanetan dauden errepideak ez erabiltzeko eta zuhurtziaz jokatzeko. Gaur egun ez dago alerta aktiborik, baina egoeraren jarraipena gertutik egiten ari dira.