Tolosaldeko euri erauntsia

Auzolanean

Ataria 2025eko ekainaren 14a

Herritarrak kalera atera dira azken orduetako euriteen ondorioak leuntzera. Palak, eskorgak eta bestelakoak hartuta, lokatza, harriak eta enborrak ari dira kentzen.

Ez da erraza izan Tolosatik Berrobira iristea. Errepidean lokatza, enborrak eta harriak dira nagusi, eta auto ilarak sortzen dira. Aitzol Izquierdo Berrobiko alkateak esan du, arazo ugari dituztela une honetan herrian. Garaje bat baino gehiagotan sartu da ura, hainbat baserritara iristeko bideak ez daude erabilgarri, plaza eta udaletxe inguruan ur putzuak dira nagusi, errepidean lokatza eta harriak dira nagusi... Guztia bideratzen ari dira orain, eta herritarrak kalera atera dira palak eta eskorgak hartuta euriteen ondorioak leuntzen saiatzeko.

Alegian ere gauza bera. Herrian leku bat baino gehiagotan sartu da ura eta herritarrak 08:00etan bildu dira lanak banatu, eta guztia garbitzen laguntzeko.

Ibarran ere arazo ugari dituzte. Gaua «izugarria» izan dela esan du Igor Zapirain alkateak eta lehentasunak jartzen ari direla guztia bere onera etortzeko. Izaskunen «izugarrizko» luiziak izan dituzte eta 3 bat baserri inkomunikatuta daudela esan du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!