22:30etik aurrera euria gogotik egin du eta tarteka baita kazkabarra egin ere, eragozpen handiak sortuz. Ibarran kalteak handiak izan dira. Argindegi auzoan luizia izan da eta Euskal Herria kaleko trafikoari eragin dio; errepide nagusian lokatza eta enborrak pilatu dira. Garaje batzuk ere urez bete dira eta suhiltzaileak aritu dira lanean arazoa konpontzeko, eta denda bateko erakusleihoa ere lehertu da. Egoerarik okerrena Izaskunen dute hala ere, bi baserri inkomunikatuta daude une honetan eta ezin da auzora igo. Alkateak esan du gauean udal langileak, zinegotziak, brigadako langileak eta abar aritu direla lanean eta gaur goizean bilduko direla zein pauso eman erabakitzeko. Datozen orduetan Izaskungo bidea garbitzeko makina hondeatzaile bat eramango dute.
Aipatu behar da, era berean, Ibarratik Berastegira joateko errepideak eragozpen ugari daudela; lokatza, zuhaitzak, enborrak eta bestelakoak daude bidea oztopatzen. Berrobi herrigunean herritarrak ari dira bidea garbitzen. Palak eta bestelakoak hartuta mendialdetik iritsitako lokatza kentzen ari dira.
Alegian ere arazo asko izan dituzte eta auzolanerako deia egin dute. 08:00etan geratu dira Kikara parean eta herritarrei palak eta tresneria eramateko eskatu diete. Ikaztegietan ere lur jausiak izan dituzte. N-I errepidean, bai Irura parean eta Ikaztegieta inguruan ere, ur putzu handiak sortu dira. Momentu honetan N-I errepidean eragozpen ugari daude, eta Ikaztegieta inguruan errei bat baino gehiago dago itxita. Ugarten argindarrik gabe daude, eta Alegiarako errepidea itxita.
Tolosan ere ur putzu handiak sortu dira eta Larramendi auzoko pasabidea erabat urpean geratu da. Tolosako Udalak jakinarazi du larrialdi zerbitzuak eta Herri Babeserako boluntarioak gau osoan zehar aritu direla lanean ur-bonbekin ura xurgatzen. Momentu honetan Udaltziangoak arreta eskatzen du Izaskunerako igoeran, Pisuaga baserriaren inguruan, Aldabarako bidean, Iparragirre auzotik San Blas auzora igotzeko aldapan eta landa auzoetako bideetan.
Une honetan eskualdeko herri bat baino gehiagotan kale eta espaloiak lokaztuta daude.