Minbiziarekin topo egitea erraza da, etxe gehienetan ezagutzen delako kasuren bat. Hala ere, ia inoiz ez da samurra izaten gai honen inguruan hitz egitea. Horretan aritzen da Maider Sierra Arana (Ibarra, 1978) psikologoa, haurrekin nahiz helduekin. 17 urte daramatza Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak Tolosan duen bulegoan lanean, eta elkartea «asko» hazi dela aitortu du. Azaleko minbiziaren aurkako kanpaina abian jarri aurretik, zenbait gomendio eman dizkigu.
Psikologoa zara. Zerk bultzatu zintuen lanbide horretara?
Ni, oinarrian, gizarte hezitzailea naiz. Lehenik, kale hezitzaile izan nintzen; nerabeekin aritzen nintzen lanean. Hala ere, jakintza murritza nuela sentitu nuen, eta lan egin bitartean, psikologia ikasketak egitea erabaki nuen, osagarri izan zitezkeela pentsatu nuelako.
Noiz eta zergatik hasi zinen Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkartean lanean?
Duela 17 urte hasi nintzen, prebentzio arloan aukera bat sortu zenean. Asko gustatzen zitzaidan, eta pentsatu nuen zeresana eman nezakeela, gutxi landutako gaia zelako. Une horretan, gainera, etxean oso presente genuen minbizia, aitari urtebete lehenago antzeman ziotelako. Orain, aitortu dezaket aukera hura ondo aprobetxatu nuela.
Zer funtzio duzu elkartean?
Elkartearen ildo nagusietako bat da, ahal den neurrian, eta modu desberdinetara, minbizi kasuak gutxitzen saiatzea. Askok esango dute areagotu egin direla, edo kasu gehiago ezagutzen ditugula inguruan. Nire funtzioa da ikerketek esaten digutena herritarrei modu sinplean azaltzea, hau da, nondik datorren minbizia, zerk eragiten duen, zer dagoen gure esku edota zein den gure zelulek izaten duten jokabidea. Lanean hasi nintzenean, erakutsi zidaten minbizia bizitzaren gaixotasun bat dela, zelulekin zerikusia duena.
Gaur egun, badakigu tabakoa kontsumitzea ez dela ona, eta, gainera, minbiziarekin konkretuki harreman zuzena duela. Baina, hala ere, jendeak kontsumitzen jarraitzen du. Bada, gizartean ohitura osasuntsuak sustatzen laguntzea da gure helburuetako bat. Elkartean lan handia daukagu egiteko eta, besteak beste, jendearen parte hartzea bultzatu behar dugu gaixotasunak goiztiar antzemateko azterketak egin ditzaten, horiek bizitzak salbatzen dituztelako. Minbizia orduan eta lehenago antzeman, ondorena askoz errazagoa da.
Bestetik, gaixotasunek zer garrantzia duten ikusarazteaz gain, jendearen beldurrak kudeatzen ere aritzen gara, eta ez bakarrik helduenak. Giza papilomaren birusaren kasuan, adibidez, duela hamar urte txertaketa hasi zenean, lanketa handia egin genuen gaztetxoekin. Ez da batere erraza izaten.
Zenbat langilek eta bazkidek osatzen duzue elkartea?
Asko hazi da azken bi hamarkadetan. Ni lanean hasi nintzenean, zortzi langile ginen, eta gaur egun, 35 inguru gara. Bazkideak, berriz, 16.000tik gora dira. Gipuzkoa izateko zifra handiak dira, esanguratsuak. Lurralde oso solidarioa da, eta oso eskertuta gaude, asko laguntzen digulako egunerokoan independenteki lan egiten. Diru sarreren % 6 jasotzen dugu erakunde publikoetatik, eta % 80 inguru bazkideengandik jasotzen dugu. Gainera, guk egiten ditugun zerbitzu guztiak doakoak dira. Horrek balio handia du, eta erraztasun handia ematen dio minbizia duen pertsonari edo familiari.
Epe luzera begira, ahalik eta bazkide gutxien izatea izango litzateke elkartearen helburua, beharra gutxituko litzatekeelako.
Bai. Badakit nire lankideek gorroto nautela, baina prebentzio sailaren helburua lankideak lanik gabe uztea da. Minbizia ez da desagertuko, bizitzaren gaixotasuna delako, zelulekin zerikusia duena, eta zelulak etengabe ari direlako mutatzen, baina kronifikatzea lortu daiteke. Bizi ohitura osasuntsuak kontuan izanez gero, agian, bizi kalitatea, behintzat, hobetuko litzateke, eta hori garrantzitsua da.
«Nire lankideek gorroto naute, baina gure sailaren helburua lankideak lanik gabe uztea da»
Gaur egun, ikerketari esker, errazagoa da minbizi kasuak antzematea. Datuen arabera, baina, kasu gehienek, % 50 inguru, bizi ohiturekin dute zerikusia.
Ohikoena den minbizia azaleko minbizia da, organo ikusgarria delako, baina ez da hain hilkorra. Kasuen % 2 inguru hereditarioa da, baina gainerakoek, % 98k, bizi ohiturekin zerikusia dute. 16 urte bete aurretik, baldin eta zenbat aldiz erre garen, eta erredura horien baldin eta zein gogorrak diren, minbizia izateko arriskua handiagoa izan daiteke. Hortaz, ahal den neurrian, gure esku dagoena egiten saiatzen gara.
Laster abiatuko duzue azaleko minbiziaren aurkako kanpaina. Eguzkitik babesteko neurriek indarra hartuko dute laster, ezta?
Bai. Aurrez esan beharra daukat jendea gurekin apur bat haserretzen dela, esaten dutelako Euskal Herrian egun eguzkitsuak gutxi direla. Nahiz eta askotan zuzenean ez atzeman, hemen beti izango dugu eguzkiaren eragina. Lainoek beroa gelditzen dute, baina eguzki izpiak berdin iristen zaizkigu. Eguraldia iragartzen duten saioek edo aplikazioek erradiazioaren inguruko informazioa ematen dute, eta hori oso garrantzitsua da. Oinarrizkoa da begiratzea. Euskal Herrian ohartu gabe iristen zaigu erradiazioa arropaz babestu gabeko azal zatietara.
Zenbateraino izan daiteke kaltegarria erradiazioa azalean?
Haurrei azaltzen diegun bezala, gure azalarentzat eguzkia zentral nuklear bat da. Oso ondo dago, eta energia behar dugu, baina kaltegarria izatera heldu daiteke. Azalak babesten gaitu, baina muga bat dauka, eta askotan ez dugu ezagutzen. Guk melanina neurtu izan dugu, eta hori lagungarria da. Nik, adibidez, badakit eguerdian 12 minutu egon naitekeela eguzkitan. Hortik aurrera ez du esan nahi erre egingo naizela, baina bai azala mintzen hasi daitekeela. Kontziente izan behar dugu arrisku horietaz.
Azala, gainera, berdina da bizitza guztian. Askotan entzuten da azalak memoria duela. Guk diogu liburu bat dela, eta kapitulu desberdinak dituela, azala erretako aldi bakoitzeko istorioekin. Gure liburuak orduan eta kapitulu gehiago izan, azaleko minbizia izateko arriskua handiagoa da. Oso ohikoa den gaixotasuna da, eta agerian izan ohi dugun azal zatiren batean zauri txikiren bat badugu, ezinbestekoa da badaezpada kontsultatzea.
Azala bakarra da; berritzen da, baina ez da berdina.
Bai. Azalaren kapa batera edo bestera heltzen dira lesioak. Esaterako, izpi ultramoreen lanparak arriskutsuak izan daitezke. Izpi horien ondorioz, baliteke azaleko lehen kapak ez erretzea, eta beraz, ageriko erredurarik ez izatea. Askotan, aipatzen da hondartzara joan aurretik egokia dela izpi hauekin zenbait saio egitea, baina ez da egia. Egon daitezke kasu konkretu batzuk, baina oro har, azalean beherago sartzen diren izpiak dira, eta ondorioz, lesioak azpitik kanpora joaten dira. Eta bestetik, argi utzi nahi dut eguzkia ez dugula hartzen, eguzkiak eman egiten digula.
Eguzkia beharrezkoa dugu, baina kontu handia izan behar da erradiazioarekin. Zein neurri hartu behar dira?
Neurriak izan behar du norberak erabiliko duena. Badira krema erabili nahi ez dutenak, ados, baina orduan arropa erabili dezatela. Ez duzula ezer erabili nahi, bada itzaletik ibili. Erradiazio-iturriaren eta azalaren artean zerbait jarri behar da. Gure bizimoduari erreparatzen badiogu, argi ikusiko dugu azken 30 urtetan zenbat aldatu den. Lehen, eguerdian, siestara edo itzaletara joaten ginen; gaur egun, hondartzara joaten gara.
«Badirudi gaur egun azal beltzarana ez baduzu ez zaudela ondo, eta justu kontrakoa da»
Aldaketa hori oso bortitza izan da, baina ez da kasualitatea, estetikak eragin eta indar handia izan baitu. Lehen, ondo ikusita zegoen bakoitzak bere azal kolorea eta melanina aktibatu gabe izatea. Modak, baina, behin esan zuen melanina aktibatu behar zela eta azal koloreak ilunduta behar zuela. Badirudi gaur egun azal beltzarana ez baduzu ez zaudela ondo, eta justu kontrakoa da. Azal osasuntsua melanina aktibatu gabe duenarena da.
Melanina aktibatuta edukitzea da erradiaziotik babesteko eguzkitako bat jarri behar izatea. Guk eguzkitako bat etengabe jarrita edukitzen badugu, zulatu, zikindu edota apurtu egiten da. Hori da urteen poderioz gure melaninari gertatzen zaiona. Melaninak ahal duen moduan babesten gaitu. Gomendagarriena da melanina hobeto egoteko zerbait jartzea, izan kremak, arropa, biserak, itzalguneak edota eguzkitako betaurrekoak, baina norberarentzat erosoena izan dadila. Azken finean, gure eguzkitako naturala, azala, zaindu beharra dago.
Gaur egun, gehiago zaintzen dugu azala?
16 urte daramatzagu udako kanpaina egiten. Ikusi dugu haurrak asko zaintzen ditugula, baina guraso edota begiraleak gehiago erretzen direla. Kontzientzia handia dago haurrengan, haiek zaintzeko, eta helduok pentsatzen dugu guri ez zaigula ezer gertatuko.
Bada beste moda bat, skin care delakoa, aurpegia zaintzea alegia. Bat-batean, ikusi dugu azala babesteko modu hori erabiltzen dutenak egunero ematen dutela eguzkitako krema, eta pozez zoratzen gaude. Zenbait elkartek eta dermatologoek urteetan zehar transmititu ezin izan dugun mezua gizarteari helaraztea lortu dute influencer batzuek. Oso kontentu gaude.
Hala ere, bide luzea daukagu aurretik. Barneratuta daukagu zaintzeko beharra, baina azken pauso hori ematea kosta egiten zaigu. Askok diote eguzkia hartzea ona dela D bitaminarentzat, baina kontu handia izan behar dugu teoria horrekin.
Haurrei, berriz, jolasen bitartez ematen dizkiezue azalpenak.
Argi daukagu modu ludikoan eta dibertigarrian errazagoa dela kontzeptuak lantzea eta ideiak barneratzea. Horretarako, askotariko probak egitera animatzen ditugu. Besteak beste, asko lantzen ditugu mitoak; kalean entzuten ditugunak hartu, eta Egia ala gezurra jolasaren bitartez lantzen ditugu haurrekin. Horrela, haien jakiturian barneratzea lortzen dugu, mitoek indar handia izaten dutelako. Betiere, ekintza dinamiko eta aktiboak izan daitezen saiatzen gara, gure helburua ere badelako bizi ohitura osasuntsuak dinamika horietan presente egotea. Gerora, nerabeak izango dira, eta ordurako kontzeptuak landuta eta barneratuta ez badaude, arazoak etor daitezke, fase konplexua izaten delako.
Bizitza aktiboa gizartean gero eta barneratuago daukagun filosofia da, baina udan zailagoa izaten da ideia horri heltzea.
Bai. Pentsatzen dugu uda deskonektatzeko garaia izaten dela, baina ezin dugu osasunaz bat-batean deskonektatu. Laneko edo ikastetxeetako ardurak lasaitasun handiagoz har ditzakegu, baina ez dezagula osasuna alde batera utzi. «Irailean hasiko naiz zaintzen», entzuten dugu askotan, baina benetan ondo barneratuta baldin badaukagu, ez da beharrezkoa gerorako uztea. Udan ere dibertitu naiteke bizitza aktiboa izanda. Ez du esan nahi egunero crossfit egin behar dugunik; kontzeptu batzuekin nahikoa da, hala nola, eguzki erradiazioa, elikadura eta kirola. Ez dadila urtarokako edo fasekako zerbait izan.