2025-2026 ikasturtean 2 urteko gelako matrikulen % 83a eskola publikoetan egingo dela jakinarazi du Aiztondoko Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak. DBH1 mailako ikasleen kasuan, lautik hiruk aukeratu dute, berriz, Erniobea institutua. Taldeak gogoratu du, bestalde, datorren ikasturtean sare publikoko bost haur eskola egongo direla zabalik bailaran: Larraulgoa, Asteasukoa, Alkizakoa, Aduna-Zizurkilgoa (Kuttuna) eta Amasa-Villabonakoa (Seaska).
Joan den ostegunean Villabonako Gurea zinema aretoko erakusketa gelan batzarra egin zuen Aiztondoko Euskal Eskola Publikoaz Harro taldeak eta bertan izan ziren bailarako eskoletako ordezkariak –Larraulgo, Alkizako eta Adunako herri eskoletakoak, Pedro Mari Otaño, Mendigain eta Fleming herri eskoletakoak, Erniobea institutukoak eta Haurreskoletakoak– eta guraso elkarteetako ordezkariak. Euren ekarpenak egin eta datorren ikasturterako aurrematrikulazio datuak aztertu zituzten.
Taldeko kideek baieztatu dute Aiztondo bailarako umeen jaiotze kopurua jaitsi egin dela. Batez ere, herri txikietan egin dute azpimarra eta esan dute etxebizitzaren gaia udalekin batera lantzen jarraitu beharra dagoela, herri horietako gazteek aukera izan dezaten herrian bertan geratzeko. «Eskolak funtsezko zerbitzua dira herriak bizirik mantentzeko», berretsi dute taldeko kideek.
Aldi berean, Aiztondoko eskola publikoetan matrikulazioak gora egin duela azaldu du Aiztondoko Euskal Eskola Publikoaz Harro taldeak. 2 urteko gelan matrikulatzeko garaian familien % 65ak egiten zuen eskola publikoaren aldeko hautua 2015ean, eta hamar urte beranduago, ia 20 puntu hazi da ehunekoa. 2025-2026 ikasturtean bailarako familien % 83k hautatu du eskola publikoa beraien umea 2 urteko gelan matrikulatzerakoan.