Gipuzkoako zahar etxeetako hitzarmenaren negoziaketa blokeatuta dagoela salatu dute

Ataria 2025ko eka. 6a, 13:52

Oria-Goierriko ELA sindikatuko ordezkariak Tolosako Trianguloan elkartu dira gaur; ekainaren 11, 12, 13 eta uztailaren 9, 10 eta 11n greba egingo dute.

ELA sindikatuak sei greba egun iragarri zituen pasa den maiatzean. Ekainaren 11, 12, 13 eta uztailaren 9,10 eta 11n izango dira lanuzteak eta horien berri emateko eta lan hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta dagoela salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur, Tolosako Trianguloan.

Ana Mertxan Zabaleta Ordiziako egoitzako langileen ordezkariak gogoratu du patronalek ez dutela langileen aldarrikapen bat bera ere kontuan hartu. «Urte mordoa daramagu eskaerak egiten eta lau negoziazio mahai pasata, mahaitik altxa gara ez delako aurrerapausorik ematen». Esan du Gipuzkoan 5.000 bat langilek egiten dutela lan eta ia denak emakumeak direla. «Oria-Goierri eskualdean 11 egoitza daude eta beste hainbeste eguneko zentro.
% 90ean Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen duen zerbitzu publikoa eskaintzen dute, baina lan baldintza prekarioak dituzte». Nabarmendu du langileen % 40 borondatezkoak ez diren kontratu partzialak dituztela eta honenbestez, langile guztientzat jardunaldi osoko kontratuak eskatu ditu. Horrekin batera, soldata arrakalarekin amaitzea, asteko lanorduak 32 izatea eta adinean gora doazen langileek erretiroa aurreratu ahal izateko formulak ezartzea, arrisku psikosozialaren plan adostuak, zerbitzuak euskalduntzeko baliabideak eta trantsizio ekosozialean aurrerapausoak ematea eskatu ditu.


Zerbitzuak euskalduntzeko baliabideei lotuta zehaztu du sektorean gehienak emakumezkoak direla, eta geroz eta gehiago direla emakume migratuak: «Ona da euskalduntze prozesu bat egitea, gure egoiliarrek lehen hitza euskaraz behar baitute eta ez da horrela. Zergatik? Lan honetan ematen den prekaritatearekin bertako jendeak ez du bertan lan egin nahi, etorkin asko daude, eta askok ez dakite euskaraz, horregatik eskatzen ditugu baldintza egokiak langileak euskalduntzeko». Trantsizio ekosozialari lotuta esan du kilometro 0 produktuak nahi dituztela eta gaur egun, produktuak ez direla bertakoak.

 

Mobilizazioak

 

Anitze Sudupe Idigoras langileen ordezkariak langileak deitu ditu sei greba egunekin bat egitera, «uste dugu aldarrikapenak entzun eta lortu ahal izateko aukera bakarra dela greba eta mobilizazioen bidea». Gipuzkoako Foru Aldundiari sektoreak bizi duen egoeraren jabe egin eta baliabideak jar ditzala eskatu dio, «aukera paregabea da genero arrakalarekin amaitu eta zaintza lanak erdigunean jarriko duen bestelako eredu bat ezartzeko».

 

Ekainaren 11ko greba egunean elkarretaratzea egingo dute 11:00etan, Adegin; ekainaren 12an egoitzetan eta Ordiziako udaletxe aurrean egingo dituzte elkarretaratzeak 11:30ean; eta ekainaren 13an manifestazioa egingo dute Donostian, 11:00etan Gipuzkoa plazatik abiatuta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!