Larunbatean Bilbora joateko deia luzatu du Gure Esku-k

Ataria 2025eko ekainaren 5a

Amasa-Villabonako zenbait herritarrek mendi ibilaldia egin zuten Bilborako deia luzatzeko. ATARIA

Tolosaldetik autobusak aterako dira mobilizazioan parte hartzeko. Egun osko festa antolatu du ekimenak Bilboko Alde Zaharrean.

Gure Esku-k mobilizazio «erraldoia» egingo du larunbatean, Bilbon. Herri libre bat, Euskal Herriak erabaki lelopean egingo dute eta Beñat Sarasola ekimeneko kideak adierazi duenez, bertan aldarrikatuko dute euskal herritarrak etorkizunerako giltza direla: «Herritarron presentzia behar beharrezkoa izango da nazio aitortza lortzeko, ea larunbatean argazki koloretsua eta ederra lortzen dugun eta aurrera egiteko indarrak biltzen ditugun».

«Instituzioak ari dira pauso txikiak ematen, baina ez dira nahikoa. Herritarrok bultza behar diegu erakundeei, gure eskaerak aintzat har ditzaten»

Beñat Sarasola   Tolosaldeko
Gure Esku-ko kidea

Aurrera egiteko garaia da egitasmoaren barruan hilabeteak dira hausnarketa prozesua abiatua zuela Gure Esku-k, eta haren barruan sortu dute Herri libre bat dinamika. Udazkenean egin zuten herritarrak aktibatzeko lehen ekimena: bideo maratoia. Larunbateko mobilizazioari begira, berriz, bazterretan ugaritu dira ekimenak azken asteetan. Tolosan argazki jendetsua atera zuten duela gutxi, eta Amasa-Villabonako herritarrek mendi irteera egin zuten, Bilbora joateko deia luzatuz.

Orain da garaia

Burujabetzan sakontzeko Euskal Herriak nazioa aitortza behar duela uste du Sarasolak, eta adierazi du orain dela hori aldarrikatzeko unea. «Instituzioak ari dira pauso txikiak ematen, baina ez dira nahikoa. Herritarrok bultza behar diegu erakundeek, gure eskaerak aintzat har ditzaten». Alderdiek estatus politiko berriaren inguruan ustez ematen ari diren urratsei dagokionez, Sarasolak dio diskrezioz aritzea ona dela, baina herritarrak gaiaren inguruan informatuta ere egon behar dutela.

Gure Esku-ko kidearen esanetan gaiaren inguruan hausnartzeko abagunea eskainiko du Bilboko hitzorduak. «Badugu nortasun politikoa, nortasun ekonomikoa, kulturala eta linguistikoa ere. Euskara, adibidez, zapaldua ikusten ari gara azkenaldian. Nortasun hori guk babesten ez badugu nork babestuko du? Alerta egotea dagokigu eta unean uneko agintariei jakinarazi behar diegu non gauden eta zein bide hartu nahi dugun».

Egun osoko festa

17:30ean La Casillatik aterako den manifestazio nazionala izango da larunbateko hitzordu nagusia, baina egun osoko aldarrikapen festa antolatu du Gure Esku-k Bilbon. Gune ezberdinetan animazioa egongo da mobilizazioaren aurretik eta baita ondoren ere. Tolosaldetik Bilbora joateko autobusak antolatu dira; batzuk arratsaldeko manifestazioan parte hartuko dutenentzat aterako dira eta beste batzuk, berriz, egun osoko plana egina dutenentzat.

Sarasolak esan du igandetik aurrera Gure Esku-k bere bidea jarraituko duela. «Segiko dugu jendearekin kafeak hartzen, eragileekin bilerak egiten, hausnartzen eta gure iparrorratza jarraitzen. Noiz arte? Herri libre bat izateko gure helburua lortu arte». 

Erlazionatuak

02 14 Su txikiak

Jon Miranda Labaien eka 02 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!