Agenda 2030 programan parte hartzen duten ikastetxeetako ikasleek ikasturte honetan mugikortasunaren inguruan landutakoa oinarri hartuta, hainbat tailer egin zituzten, atzo goizean, Trianguloa plazan. Tolosaldea Garatzenek antolatu zuen topaketa, Tolosako Ingurumen Zentroarekin elkarlanean, eta bertan parte hartu zuten Tolosako Samaniego, Herrikide eta Laskorain ikastetxeetako ikasleek, Ibarrako Uzturpe ikastolakoek eta Irurakoek.
Guztira, hiru tailer egin zituzten. Batetik, Tolosaldean modu jasangarrian garraiatzeko aukerak –bidegorria, autobusak eta trenbideak– aztertu zituzten. Bestetik, ikasturte osoan zehar mugikortasunaren inguruan landutakoaren ondorioetatik atera dituzten konpromisoak zehaztu eta Tolosako Udalari eskaerak ere egin zizkieten. Eskaera horien artean, besteak beste «zebrabide gehiago egitea», «espaloiak handitzea», «semaforo gehiago jartzea» edota «bizikletak aparkatzeko leku gehiago jartzea» daude. Antolatzaileek horiek batu eta dekalogo bat osatuko dutela jakinarazi dute.
Herritarren parte hartzea ere ezinbestekoa izan zuten atzoko topaketan. Izan ere, herriko mugikortasun arazoa aintzat hartuta, kale inkestak egin zituzten. «Gainera, ikasleek kalean bakarrik ibiltzean nola sentitzen diren ere zehaztu zuten», esan dute antolatzaileek.
ASTE BERDEAN, BI EKINTZA
Bestalde, gaur, Ingurumenaren Mundu Eguna da eta Tolosako Udalak, Ingurumen Zentroarekin elkarlanean, bi jarduera antolatu ditu «ingurumen erronkei buruzko kontzientzia piztu, konponbideak sustatu eta herritarren konpromisoa indartzeko». Atzo arratsaldean, esaterako, bizikletak elektrifikatzeko tailerra egin zuten Zumardiaundiko Gurpilgunean. Klima aldaketaren ondorioak leuntzeko, ezinbestekoa da isurtzen den CO2 kopurua murriztea, eta hori kontuan izanda, herritarrak joan-etorriak bizikletan egitera animatu zituzten, autoa alde batera utzita.
Larunbatean, berriz, landare inbaditzaileak ezagutzeko ibilaldia egingo dute Aranzadi Zientzia Elkarteko Maddi Otamendi Urbiztondo botanikariak gidatuta. Dama Berdetik abiatuko dira, 11:00etatik hasita 12:30era.