Mugikortasun autonomoko eredu aurreratua garatzeko proiektua gauzatzen ari dira Abaltzisketan eta Amezketan. Iazko azaroan aurkeztu zuten LandaGo proiektua, eta hainbat hilabetez datuak biltzen aritu dira bi herri horien arteko errepideetan.
Atzo proiektua gizarteratzeko saioa egin zuten Amezketan, eta jakin-minez gerturatu ziren zenbait amezketar. Gerturatu, informazioa jaso, eta baita autoa probatu ere. Txandaka probatu zuten gidaririk gabeko ibilgailua —atzo, oraindik, giza gidari batekin batera «badaezpada»—.
Informazioa biltzea
Orain arteko tarte horretan denetariko egoerak jaso dituzte, besteak beste, errepidean beste ibilgailu bat topatzea, aurreratzea eta errepidea nolakoa den eguraldi mota ezberdinekin. Hari berari tiraka, hainbat programa probatu dituzte autoak gidaririk gabe funtzionatzeko, erabakiak hartzeko, segurtasun tartea mantentzeko eta egiteko gehiago betetzeko.
Informazio hori jasotzeko autoak hainbat baliabide ditu instalatuta: hainbat kamera, GPSa, soinuak jasotzeko tresna eta guztia prozesatzeko «garun digitala».
Hamarretik seik, begi onez
Herritarren iritzia jasotzeko, bi elkarrizketatzaile inkestak aritu dira otsailean eta martxoan, Abaltzisketan zein Amezketan. Guztira, 226 herritar galdekatu dituzte, aurrez aurre eta telefonoz.
Bada, itaundutakoen % 68k adierazi du zerbitzua erabiliko lukeela, «prezio eta ordutegi egokiak» baldin baditu. Ez dutela erabiliko erantzun du, berriz, % 24k eta bi arrazoi aipatu dituzte: konfiantza falta eta auto pribatua mantentzeko nahia.
Hari berari tiraka, laginaren % 63ak du iritzi positiboa, oro har, proiektuaren inguruan; eta % 16ak, berriz, negatiboa. Horiek, atzera, konfiantza falta nabarmendu dute arrazoi gisa.
Oraindik probaldian
Proiektuko arduradunek nabarmendu dute beharrezkoa dela oraindik probak egiten jarraitzea segurtasuna eta teknologia garatzeko; eta aztertzen jarraituko dutela zein aukera dauden etorkizunean zerbitzua eskaintzeko, lege zein bideragarritasun arloetatik, besteak beste.
Entitate pribatuak eta publikoak elkarlanean ari dira egitasmoa sustatzeko, hain zuzen, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Mubil —arlo publikotik—; eta Vicomtech, Eurogap eta Basqueccam, pribatutik.