Tolosako hondakin arriskutsuen etxola berritu dute

Ataria 2025eko ekainaren 4a

Gaurtik erabilgarri dago Tolosako hondakin arriskutsuen etxola. Mantenu lanak egin dizkiote eta birziklatutako kafe kapsulekin egindako estaldura jarri diote.

Emeterio Arrese kalean dago hondakin arriskutsuen etxola eta bertan kaleko edukiontzietara bota ezin diren hondakinak kudeatu ahal dira, garbigunera joan behar izanik gabe. Birziklatutako kafe kapsulekin egindako estaldura bat jarri diote eta estaldura hori herrian bertan kapsulak biltzeko dauden edukiontzietan jasotako materialarekin egin dute. «Ekimen honi esker, ekonomia zirkularraren aldeko konpromisoa indartzen da, birziklapenaren bidez jasotako materialak berriro sisteman integratzen baitira. Jarduera honek erakusten du soluzio jasangarriak aplika daitezkeela hondakinen kudeaketaren fase guztietan. Zuen laguntzari esker, gero eta herri garbiago eta jasangarriago bat eraikitzen ari gara. Eskerrik asko», esan dute Tolosaldeko Mankomunitateko arduradunek.

Mankomunitateak gogoratu du etxolak behar bezala erabiltzeko, ezinbestekoa dela bertan egokiak diren materialak soilik uztea. Ohikoenak aparatu elektriko eta elektroniko txikiak (patrikako telefonoak, teklatuak…), pilak eta bateriak, erradiografiak, tinta eta toner kartutxoak, margoak, brotxak, eta fluoreszenteak dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!