Errepideko segurtasuna handitzeko eta ibilgailu astunen gurutzatzea errazteko bihurgune arriskutsuak hobetuko dituzte Tolosa, Albiztur eta Bidania-Goiatz artean. Gipuzkoako Foru Aldundiak jendaurrean jarri du GI-2634 errepideko bihurguneak zabaltzeko eta hobetzeko proiektua, Tolosa eta Albiztur artean, eta baita GI-3740 errepideko Bidania-Goiatz inguruko puntu batean ere.
Egitasmoak segurtasuna eta ibilgailuen gurutzatzeak erraztu nahi ditu, eguneroko «zirkulazio txikia» izan arren, puntu batzuetan bi ibilgailu astun gurutzatzea zaila delako gaur egun.
Proiektua joan den martxoan idatzi zuten Aldundiko Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako Departamentuko zerbitzu teknikoek, eta 1.090.996,40 euroko aurrekontua eta bost hilabeteko exekuzio-epea aurreikusi dituzte.
Landuko dituzten eremuak
Lanak, batik bat, bi gunetan egingo dituzte. Batetik, GI-2634 errepidean (Tolosa eta Albiztur artean), ia 900 metroko tarte batean eta beste hiru bihurgunetan, hain zuzen, 2, 3 eta 5, 7 kilometroen artean. Eta, bestetik, GI-3740 errepidean (Bidania-Goiatz inguruan), 10,7 kilometroko bihurgune batean.
Lanak gauzatzeko Tolosako eta Albizturko zenbait lur desjabetuko dituzte. Hori dela eta, proiektua jendaurrean jarriko dute hilabetez, herritarrek eta administrazioek alegazioak eta iradokizunak aurkeztu ahal izan ditzaten.
Proiektuari eta desjabetzeei buruzko informazioa Donostiako Bide Azpiegituretako bulegoetan eta Tolosako, Albizturko eta Bidania-Goiatzeko udaletxeetan egongo da ikusgai. Gainera, herritarren eskura jarriko da informazioa internet bidez ere, Gipuzkoako Foru Aldundiko web orrialdean.