Nage No Katako Europako Txapelketa izan da jokoan asteburuan Rigan (Letonia), eta bertan lehiatu dira Judo Klub Tolosako bi bikoteak absolutu mailan, Unai Saralegi eta Unai Regillaga, eta Joseba Regillaga eta Joseba Etxarri. Regillaga-Etxarri bikoteak finalean sartzea lortu zuen, eta Saralegi-Regillaga bikotea finaletik kanpo geratu zen, baina ez daude konforme epaileen emandako puntuekin.
Guztira 27 bikotek parte hartu zuten, eta, hortaz, bi multzotan banatu zintuzten eta bikote bakoitzari alde batetik lehiatzea egokitu zitzaion. Regillaga eta Etxarri izan ziren lehenak tatamira irteten eta, nahiz eta min batzuen ondorioz Kata guztiz borobila ez egin, nahikoa izan zuten 14ko multzoko hirugarren bezala finalera pasatzeko.
Saralegi eta Regillagari itxoitea tokatu zitzaien eta ordu batzuk beranduago arte prestaketa lanetan ibili ziren. Multzoan 13 bikote ziren, eta bikote kopuruaren eraginez fasea bi zatitan banatu zen, tartean deskantsu bat eginez. «Guri lehen zatian irtetea tokatu zitzaigun, lan nahiko borobila egin genuen eta lehen fase hori lehen postuan amaitu genuen. Hori bai, orokorrean nota nahiko baxuak izan ziren denontzat», azaldu du Saralegik. «Deskantsuaren ostean, ordea, zetozen aurkari gogorrenak eta oraindik azalpenaren bila ari garen arrazoien batengatik puntuatzeko modua guztiz aldatu zen. Esan daiteke bigarren zatian atera ziren denei, lehen zatikoekin alderatuz, 15-20 puntu gora egin zietela». Horrek aukera guztiak kendu zizkien eta azkenean bosgarren postura arte jaitsi ziren, finaletik kanpo geratuz eta, hortaz, Europako bosgarren domina izan zitekeen horrengatik lehiatzeko aukera galduz. «Gustura gaude egin genuen lanarekin, baina oso haserre gure ustetan finaletik atera zigutelako», zehaztu du Saralegik.
Finalean, Regillaga eta Etxarriz aparte, Espainiako bikote bat, italiar eta alemaniar bikote bana eta Herbeheretako bi bikote lehiatu ziren. Goizeko minak okerrera eginda, Regillagak eta Etxarrik ezin izan zuten dena eman eta seigarren postuan bukatu zuten lehia. Kontuan izan behar da juniorretik salto eginda bigarren aldia zutela absolutu mailan Europako Txapelketan eta finalean sartzea lorpen handia da. Azkenean, italiarrak garaile, alemaniarrak bigarren eta Espainiako bikotea hirugarren geratu ziren.
Datozen asteetan atsedena hartuko dute bi bikoteek fisikoki osatzeko, eta abuztutik aurrera hurrengo lehiak prestatzen hasiko dira, azaroan Parisen jokatuko den Munduko Txapelketara begira prestaketa on bat burutzeko.