Bizilagunak 2025

Giro aparta bizilagunen arteko bazkarietan

Ataria 2025eko ekainaren 2a

Tolosaldean 12 bazkari egin dituzte eta jatorri askotako 84 pertsonak hartu dute parte.

SOS Arrazakeriak antolatutako Bizilagunak ekimena burutu zen atzo. Bertakoak eta gurera etorritakoak bazkari baten elkartzea da egitasmoaren helburua. Hala, 12 bazkari egin zituzten atzo Tolosaldean, eta horietan 84 pertsonak hartu zuten parte.

Tolosako udaletxearen aurrean elkartu ziren lehenbizi parte hartzaile guztiak: 46 emakume, 32 gizon eta 6 gaztetxo. Ondoren, Tolosan, Asteasun, Villabonan eta Ikaztegietan egin zituzten bazkariak. Giroa aparta izan zela, eta aniztasuna izan zela elementu nagusia azpimarratu dute. Euskal Herriko, Venezuelako Kolonbiako, Ekuadorko, Argentinako, Hondurasko, Nikaraguako, Brasilgo, Mexikoko, Boli Kostako, Maliko, Kamerungo, Marokoko, Senegalgo, Nigeriako, Holandako eta Frantziako herritarrak nahastu ziren bazkari horietan.

Hurrengo larunbatean, hilak 14, ekitaldi berezia egingo dute Tolosako Topic zentroan, 18:00etan hasita. Bertan, Bizilagunak ekimeneko Gipuzkoako gainerako partaideekin elkartuko dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!