Altuna III VS Artola _ Buruz Buruko Finala 2025

Tentsio eta emozio uneak, Amezketan eta Alegian

Leyre Carrasco 2025eko ekainaren 1a

Eskualdeko herritar ugarik frontoitik bertatik jarraitu dute partida, baina beste askok herritik egin dute; herriko tabernetan elkartu dira amezketarrak, eta Alegian, berriz, plazan jarri duten pantailatik jarraitu dute partida.

Herritar ugari Bilbora joan dira Buruz Buruko finala bertatik bertara jarraitzera, baina herrian geratu diren zaleak ere izan dira tartean. Amezketan, esaterako, kaleak hustu eta tabernak bete dituzte herritarrak. Tragoa eskuan eta animo mezuak ahoan izan dituzte uneoro eta argi geratu da zein zuten faborito: Altuna.

Alegira sartu orduko nabari zen egun berezia zela; balkoiak Artolaren aldeko kartelez atonduta zeuden eta plazatik oihu ugari entzuten ziren. Herrian geratu diren zaleak plazan bildu dira, Artolaren azken finalean egin zuten antzera, pantaila erraldoi bat jarri baitute herriko plazan. Emozio eta tentsio uneak bizitu dituzte pantailaren bueltan, baina Artolaren aldeko babes eta animo mezuez bete dute herriko plaza.

Behin finala bukatuta, afaria antolatu da bai Amezketan eta bai Alegian, eta bi pilotariei ongi etorri berezia egingo diote bi herritan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!