Sekulako finala ikusteko aukera izan da Bilboko Bizkaia frontoian. Emozio handikoa, tanto ikusgarriz beteta, oso gogorra, eta markagailua bi aldiz iraulita. Gertuko bi pilotari, gertuko bi herri eta harmailak beteta zeudela, luzaroan gogoratuko den finalaz gozatu du pilotazaleak. Azkenean garaile bakarra dago final batean, eta Jokin Altuna amezketarrak 22-19 irabazi dio Iñaki Artola alegiarrari. Laugarren txapela irabazi du Altuna III.ak, eta bere lehen buruz buruko finala galdu du Artolak.
Partida hasiera beti izaten da garrantzitsua, are gehiago buruz buruko finala denean. Lehen sakea ateratzea egokitu zaio Altunari eta ondo hasi da lan horretan. 3-0 aurreratu da amezketarra, eta lehen faborito bazen, lehen hiru tantotan ikusitakoak hauspotu egin du sentsazio hori. Gainera, hirugarren tantoan bote arraroa egin dio pilotak Artolari. Aldapa gora jartzen ari zitzaion finala.
Alegiarrak, baina, erakutsi du finala borrokatzeko asmoz joan dela Bilbora, eta bi tanto egin ditu segidan, biak ezker gantxoarekin amaituz. Ondoren, Altunaren erakustaldia etorri da, bere magia erakutsi du eta lau tanto jarraian egin ditu, horietako hiru urrutitik zabalean egindako hiru dejada. Bestea, sake oso on bat eginez eta altura handia emanez paretan. 7-2 jarri da amezketarra eta oso sentsazio ona emanez.
Artolak aukera izan du hurrengo tantoan beste gantxo batekin sakea hartzeko, baina ez dio asko iraun, Altunak beste hiru tanto egin baititu, horietan lehenengoa Artolak galdutakoa, sake-errestoan ez baitu asmatu. 10-3 jarri da aurretik amezketarra eta finala kolore gorria hartzen hasita zegoen.
Partidaren momentu horretan, baina, etorri da aldaketa, eta Artolak berriro erakutsi du aurkari gogorra dela. 10-4koan zortea izan du, gainera: txaparen gainera justu-justu joan baita gaizki jotako pilota. Hurrengo tantoa sakez egin du, gero dejada txokoan, ondoren buruzgain, berriro atzera pilotakada emanez, eta hurrengo biak sake-errematean. Hamarna berdindu du alegiarrak, espero ez zena, jokoan agintzen eta Altunak ezin erantzunez. Artolaren zaleak piztu egin dira eta final handi baten itxura hartu du partidak. Hurrengo tantoan ere agindu du alegiarrak, eta lehenbizikoz, aurretik jarri da markagailuan. Lehen atsedenaldi nagusira 10-12 iritsi dira, Altunak pilota goiko txapara bidali ondoren.
Bazirudien finala Altunaren aldekoa zela, baina Artolak jarraian egindako bederatzi tantoek zalantzan jarri dute. Ikusgai zegoen nola itzuliko zen Altuna atsedenalditik. Lehenengo tantoa berak egin du, baina hor jarraitu du Artolak lanean eta ez dio berdintzen utzi. Hortik aurrea, Artolak bere kolpe indartsuarekin tantoetan agindu egin du, baina Altunak ez du amore eman eta partidari eutsi dio. 14-17 jarri da aurretik alegiarra, eta bigarren atsedenaldi nagusira 15-18 joan da.
Hurrengoan ere gantxo batekin lau tantoko aldea jarri du Artolak, 15-19, eta bazirudien bere lehen txapela janzteko bide oso onetik zihoala. Altunari, baina, irabazi egin behar zaio, ez du partidarik galdutzat ematen, eta barruan zuen joko eta indar guztia jarri du kantxan. Hortik aurrera zazpi tanto egin ditu segidan, txapela lortuz. Horietatik lehenengoa oso gogorra izan da, eta amezketarrak horma biko batekin erantzun dio alegiarrak botatako horma bikoari. Hor hasi da buelta: Altunak atzera jo eta jo du hainbat tantotan, indarrez, eta tantoz tanto 22.enera iritsi da. Sekulako poza hartu du, eta leher eginda lurrera bota da.
Besarkada estua eman diote elkarri bi pilotariek, eta ondoren Altunari txapel erraldoi bat bota diote harmailatik. Txapel hori orain gutxi zendu den Joseba Larreta Latu bere lagun eta zale sutsuak janzten zuen finaletan, eta txapeldunak buruan jarri du bere omenez. Txapela berari eskaini dio eta baita bere aitari ere. Laugarren txapela lortu du buruz buru Altuna III.ak, eta Atano III.aren, Belokiren eta Olaizola II.aren pare jarri da historian. Artolak sekulako finala jokatu du, eta txapelik gabe itzuli arren, berriz ere buruz buruko final batean izateko hautagaia dela erakutsi du.
