32 urte bete ditu El Salvadorreko herriarekiko elkartasunak

Ataria 2025ko mai. 31a, 17:55

Senidetze Eguna ospatu dute Aiztondo bailarak eta Segundo Montes komunitateak Villabonan.

Aiztondo bailarako Amasa-Villabona, Aduna, Asteasu eta Zizurkilgo udaleko ordezkariak, El Salvadorretik etorritako bi ordezkari eta Euskal Fondoa elkarteko kideak elkartu dira Senidetze Eguna ospatzeko Villabonan. Lehenbizi ekitaldi instituzional egin dute Villabonako udaletxearen pleno aretoan, eta bertan opariak banatu dizkiete elkarri. 32 urte pasa dira El Salvadorreko Segundo Montes komunitatearekin elkartasuna abian jarri zela, eta senidetze hori ekarri dute gogora gaurkoan ere. Xabat Laborde Villabonako alkateordeak azaldu duenez, «Aiztondoko udal ordezkariok harro gaude senidetze honek egin duen eta egiteko duen ibilbidearekin, eta herritarren izenean eskerrak eman nahi dizkizuet urte guzti hauetan senidetze honen baitan bere ekarpena egin duten hautetsi, boluntario eta herritar anonimo guztiei».

El Salvadorretik etorrita, ekitaldian batetik Segundo Montes komunitateko Donatila Argueta Amaya izan da, gazterian eta gizarte lanetan aritzen dena, eta, bestetik, Suchitototik etorritako Ana Lucia Ramirez Ayala, bertako komertzioaren eta turismoaren arduraduna. Biek eskertu dute jasotako harrera zein urte hauetan jasotako elkartasuna.

Juanma Balerdik Euskal Fondoa elkarteko zuzendariak azaldu du gaur egun ur sistemak jartzen ari direla Segundo Montes komunitatean. Suchitoton, berriz, duela 25 urtetik ari dira hainbat proiektutan laguntzen, eta gaur egun prestakuntza teknikoa eman eta lanerako bideratuta dagoen zentroari ari dira laguntzen. «Guretzako senidetze hau eredu bat da. Oraindik bizirik mantentzen da. Gatazkak, gerrak, ez dira amaitzen bakea sinatzean, ondorioak ditu, eta pertsona eta herri hauek oraindik ondorioak bizitzen ari dira», esan du Balerdik. Gogora ekarri ditu Gaza, Mendebaldeko Sahara, Siria edo Somalia, eta «inoiz baino beharrezkoagoa» dela esan du nazioen arteko elkartasun, senidetze eta babesa adieraztea: «Mundua okerrera doa, ba guk kontra egin behar diogu horri». 

Pleno aretoko ekitaldia bukatuta, plazan egin dute herri giroko ekitaldia. Dantzarien eta musikarien txanda izan da orduan, eta baita hitza hartzeko unea ere, jendearen aurrean. Lore sorta jaso dute Arguetak eta Ramirezek, eta behin ekitaldia bukatuta, otordua egitera joateko ordua iritsi da.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!