Kontsumitzaileen bulegoa 'phishing' salaketa ugari ari da jasotzen

Ataria 2025eko maiatzaren 30a

Tolosaldeko Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak ohartarazi du salaketa ugari ari direla jasotzen bankuko kodeak eskuratuta iruzur egin dietelako, eta hainbat aholku eman ditu.

Tolosaldeko KIUBaren arduradunak esan du salaketa ugari jasotzen ari direla phishing delituagatik edo bankuaren nortasuna ordezkatzeagatik. Esan du salaketa horiek Ertzaintzan ere egin behar direla, ustezko delituak direlako. «Hori gertatzen denean, finantza erakundeek euren erantzukizuna kentzen saiatzen dira eta horren aurrean, berri ona da Auzitegi Gorenaren badagoela iruzur digitala pairatu duten erabiltzaileen babesa indartzen duen epai berri bat».

Auzitegi Gorenaren epai berri horrek (STS 571/2025eko apirilak 9) finantza erakundeak behartzen ditu online bankaren erabiltzaileei phishing bidez lapurtutako dirua itzultzera, baldin eta finantza erakundeak frogatzen ez badu bezeroaren axolagabekeria larria egon dela. Hau da, 19/2018 Errege Lege Dekretuaren eta 2015/2366 (EB) Zuzentarauaren arabera, bankuak dirua itzuli behar du bezeroak eragiketa baimendu izana ukatzen badu, iruzurra edo arduragabekeria larria frogatzen ez badu. «Izan ere, autentifikazioak, bezeroaren datuak erabiltzeak, ez du baimena ordezkatzen, hau da, ez du esan nahi bezeroak baimena eman duenik. Kontsumitzailearen baimenak benetakoa eta kontzientea izan behar du eta horrek eragiketa baimendu izana ukatzen badu, bankuak kontrakoa frogatu behar du. Azken finean, kontsumitzaileek iruzurrean, zabarkeria larriarekin edo nahita egindako ez-betetzearekin jardun zutela frogatzen bada bakarrik erantzuten dute», zehaztu du.

Hortaz, bezeroak arduraz jokatzen duenean, iruzurraren ondoren bankuari azkar ohartaraziz eta gertaerak Ertzaintzan salatuz, bankuak frogatu behar du diligentzia handia izan duela. «Finantza erakundeek sistema eraginkorrak izan behar dituzte eragiketa susmagarri eta ezohikoak detektatzeko eta bizkor erreakzionatzeko». Gehitu du Auzitegi Gorenak berriki eman duen epai horren arabera, finantza erakundeek segurtasun sistemak hobetu behar dituztela, eragiketa susmagarriak automatikoki detektatzeko gai diren sistemak izan behar dituztela, eta alerta automatikoak aktibatu eta ezohiko mugimenduak blokeatu behar dituztela, kontsumitzaileak hobeto babesteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!