Gehigarria: Ongizatea

«Teknika ez inbaditzaileekin egiten diegu aurre barizeei»

Ataria 2025eko ekainaren 1a

Iñaki Prieto erradiologia baskular eta interbentzionistan espezializatutako medikua.

Teknika berritzaileenak erabilita barizeak tratatzen 15 urte baino gehiago daramatzate Variteken; hanketako barizeak kentzeko eta bizi-kalitatea hobetzeko soluzio bila jarduten dute Donostia, Gasteiz, Bilbo eta Sevillako kliniketan. Pazienteei kirurgiarik gabeko tratamendu integral eta pertsonalizatu bat eskaintzeko teknologiak erabiltzen dituzte.

Iñaki Prieto erradiologia baskular eta interbentzionistan espezializatutako medikua da. Barizeen tratamenduan azkeneko urteetan egin diren aurrerapenak nabarmendu ditu.

Jendeak ba al daki zer diren barizeak?

Mito handi bat dago barizeen inguruan. Jende askok pentsatzen du kontu estetikoa baino ez direla. Guk gure kontsultetan bi barize mota bereizten ditugu: alde batetik, estetikoki gure hankak itsusten dituztenak; eta bestetik, berriz, osasun arazoa dakartenak.

Errazak dira bereizten batzuk eta besteak?

Guk ekografia eta irudi bidez barize bakoitzaren inguruko azterketa zehatza egiten dugu. Dena den, modu errazean esateko, armiarma forma duten barizeak, urdin-berde kolorekoak, gehienetan barize estetikoak izaten dira. Eta osasun arazoa dakartenak, aldiz, barize potoloagoak izaten dira.

Konplikazio handia sortu dezakete barizeek tratatu ezean?

Gerta daitezke osasun arazo larriagoak, bai. Barizea oso fase aurreratuan badago hankak puztu, belztu eta ultzerak sor daitezke. Tronbo-flebitis kasuak ere iristen zaizkigu kontsultara zenbaitetan.

Egoera horretara iritsi aurretik ezin al zaie aurre egin barizeei?

Gaitz isila da. Normalean pazienteak ez du sintomarik nabaritzen. Barizeak eduki eta % 80ak ezer nabaritu ez arren, ez du esan nahi zainetan pixkanaka gaitza garatzen ez doanik. Sintoma ohikoenak honakoak dira: azkura, mina, karranpak, inurridurak, kolore aldaketak, astuntasuna... Horregatik osasuna eta bizi-kalitatea arriskuan jartzen dituen arazoari irtenbide bat bilatzeko, mediku espezialisten eskuetan jartzeko gomendioa luzatzen diegu herritarrei.

Ba al daude barizeak prebenitzea?

Oso zaila da. Gehien gehienetan zainen alterazio anatomiko edo funtzionaletatik eratorritako iraupen luzeko egoera patologikoa da, bost heldutatik bati eragiten diona. Beti da onuragarria pisua kontrolatzea eta kirola egitea, baina genetikoa denez, goizago edo beranduago gaixotasuna azaleratuko da. Guri kontsultara maiz etortzen zaizkigu paziente gazteak, kirolariak, oso osasuntsu daudenak; dena ongi egiten duten arren, gurasoengandik jasotako herentzia daukate hanketan.

Zein da zuen pazienteen profila?

Adin guztietakoak, 16 urtetik 95 urtera artekoak. Emakume gehiago gerturatzen da, batez ere, barize estetikoengatik kezkatuta. Egoera hau ulertzekoa da, emakumeek progesteronaren igoera eta jaitsierarengatik joera handiagoa dutelako barize klase hauek izateko. Nabari dugu, baita ere, gizonezkoak ez direla barizeekin hainbeste arduratzen eta beranduago etortzen direla kontsultara.

Barizeak sendatzeko saiatzen zarete ebakuntza ekiditen?

Bai. Asko aldatu dira tratamenduak norabide horretan. Gaur egun kateter eta irudi bidezko tratamenduak erabiltzen ditugu eta ez dut uste zentzurik duenik kirurgia erabiltzeak. Aurrerapen handia egin da azken urteotan eta teknika ez inbaditzaileak erabiltzen ditugu orain.

Nola egiten diezue aurre barizeei?

Barizeak tratatzeko bi tratamendu eraginkorrenak eskleroterapia eta kateterizazioa dira. Bi prozedurak ultrasoinu bidez gidatuta egiten dira, ebakuntza beharrik gabe, anbulatorioan. Paziente bakoitzaren arabera aukeratzen dugu teknika edo haien arteko konbinazioa. Horretarako, hasteko, diagnostiko zehatza egiten dugu barizeen jatorria non dagoen jakiteko. Paziente bakoitzari kalitatezko zerbitzua eta arreta pertsonalizatua eskaintzen diogu gure kliniketan.

Zenbat saio behar izaten dira barizeak desagerrarazteko?

Denbora laburrean hobekuntza handia jaso dezakete pazienteek. Guk tratamendu plan bat egin eta behin hura bukatuta senda-agiria ematen diogu pazienteari. Horrek ez du esan nahi, ordea, betirako arazoa desagertu denik. Gaixotasun kronikoa da barizeena eta ezin dugu ziurtatu beste zainen batean sortuko ez denik. Hala ere, gure klinikan saiatzen gara paziente bakoitzarentzat tratamendu bakar eta pertsonalizatua eskaintzen, errepikapenaren aukera gutxitzeko. Kalkulatzen da ebakuntzaren ondoren kasuen % 20etan, berriro ere agertzen direla barizeak. Hori ekiditen saiatzen gara tratamendu ez inbaditzaileekin.

Mingarriak dira tratamenduak?

Ez. Kirurgiaren aldean oso eramangarriak eta erosoak dira. Anestesia lokala erabiltzen dugu eta 20-30 minututan egiten dugu interbentzioa. Pazientea oinez ateratzen da kontsultatik eta ez du zaintza berezirik behar izaten.

Bi hanketan batera aplika daitezke tratamenduak?

Bai. Ebakuntzen kasuan ez bezala, bi hanketan aldi berean egin daitezke tratamenduak. Hori da guk aplikatzen ditugun tratamenduek duten abantailetako bat.

Varitek Donostia Klinika



Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!