Altuna III VS Artola _ Buruz Buruko Finala 2025

Buruz Buruko Pilota Txapelketako finalaren jarraipen berezia

Ataria 2025eko maiatzaren 29a

Iñaki Artola eta Jokin Altuna, atzo, pilota aukeraketaren ondoren. Monica del Valle / Foku

Jokin Altunaren eta Iñaki Artolaren arteko finala izango da igandean, eta 'Ataria'-k kontaketa berezia egingo du egunean bertan; astelehenean, berriz, egunkari berezia banatuko du.

Errepikatzea zaila izango den kirol ekitaldia hartuko du asteburuak: Buruz Buruko Pilota Txapelketako finala. Jokin Altuna eta Iñaki Artola nor baino nor gehiago ariko dira igandean, txapel preziatuaren lehian. 

Tolosaldean geratuko da, beraz, garaikurra. Eskualdeko pilotarien maila ikusita, finalera pilotariren bat ailegatzea aukeren artean egon daiteke, baina bi finalistak bertakoak izatea ez da maiz errepikatzen den zerbait.

Hain justu horregatik, eta Altunak eta Artolak dituzten zaleengatik, Amezketak eta Alegiak duten pikeagatik eta pilotarekiko grinagatik, ikusmin handia sortu du igandeko neurketak.

Bada, horren jakitun, eta eskualde pilotazalea izanda, 'Ataria'-k leku berezia egingo dio finalari. Bi pilotariekin eta botileroekin elkarrizketak egin ostean, igandean goizetik gauerako jarraipena egingo du. Batetik, Bilbon bertan izango da, partida barruan nahiz harmailetan gertatzen den oro kontatzeko. Amezketan eta Alegian ere izango da, bi pilotarien zaleek finalaren unea nola biziko duten, harrera nola egingo dioten eta nola ospatuko duten jarraitzeko.

Hori guztia Ataria.eus webgunean unean unean ikusteko aukera egongo da, eta unerik berezienak, bi pilotarien elkarrizketak, kronikak eta adituen iritziak jasoko dituen egunkari berezia ere jasoko dute harpidedunek astelehenean.

Urteko kirol ekitaldia jarraitzeko aukera egokiena eskualdeko euskarazko komunikabidea da. Hori bai, lanketa hori posible egiteko ezinbestekoa da eskualde osoaren babesa, bai erakundeena, bai eta herritarrena ere, horrek bermatuko baitu, kalitatezko komunikabidea izaten jarraitzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!