Euskara sustatzeko plan estrategikoak abian dira herrietan

Ataria 2025eko maiatzaren 28a

Euskararen egunaren inguruan Anoetan jarritako pankarta

UEMArekin batera plan estrategikoa lantzen ari dira hainbat udal. Galdetegiak zabaldu dituzte eta bilerak egingo dituzte datozen asteetan Adunan, Asteasun, Iruran eta Anoetan.

Eusko Jaurlaritzak 2024ko urtarrilean onartu zuen AROA Euskara Indarberritzeko eta Euskaldunok Ahalduntzeko marko estrategikoa. 2012-2022 epealdiko ESEP Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren ordezkoa da eta euskara indarberritzeko politikak gidatuko ditu hurrengo hamarkadan. Tolosaldean hilabeteotan ari dira AROA plan estrategikoaren ardatzak tokiko egoeretara egokitzen. Zenbait udalek dagoeneko zirriborratuta daukate plana eta beste hainbatetan, UEMAko teknikarien laguntzaz asteotan ari dira idazketan.

Euskara ikasteko aukerak handitzea, eskolaz kanpoko ekosistema euskalduntzea, euskara ingurune digitalean indartzea, lan munduan sustatzea eta euskaraz sortu eta kontsumitzeko aukerak zabaltzea dira, besteak beste, AROA plan estrategikoaren ardatzak. Hori gauzatzeko, kontuan hartuko dira herri bakoitzean dagoen euskararen ezagutza eta euskara gaitasuna, baita erabilera ere; bide batez, hiztunen jarrerak eta motibazioak kontuan hartu eta berrikuntzarako bideak ere ezarriko dituzte. 

Parte hartze saioak

Tolosaldean, aurreratuta dauzkate lanak Tolosan eta Zizurkilen, esate baterako. Amasa-Villabonan, berriz, urte hasieratik ari dira lanketa egiten Euskaran Ados lan-mahaia arloka bilduz. Ikaztegietan eta Amezketan, berriki eman dute hasierako urratsa herritarrekin lankidetzan, izan ere, tokiko erakundeei aukera ematen zaie bertako eragileekin koordinazioa eginez plana osatzeko.

UEMAko eskualdeko herrietan, herriz herri galdetegi berezituak prestatu dituzte planaren lanketa abiatzeko. Adunan, Anoetan, Asteasun, Baliarrainen, Bidania-Goiatzen, Iruran eta Orendainen Euskaraldiaren bueltan zabaldu dituzte galdetegiak. Zenbait kasutan parte hartze saio batera joango liratekeen galdetu zaie herritarrei. Beste batzuetan, berriz, aurrez erabaki du udalak saio horiek antolatzea. 

Honenbestez, Adunan, ekainaren 3an egingo dute parte hartze saioa, 16:30ean; biharamunean, ekainaren 4an, Asteasun bilduko dira 18:30ean; ekainaren 10ean Iruran egingo dute bilera 18:00etan; eta, ekainaren 11n, berriz, Anoetan jarri dute hitzordua ordu berean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!