TOPA Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformak deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo, Donostiako Gros auzoko anbulatorioaren sarreran. Hain justu, anbulatorio parean Basque Culinary Center berria ari dira eraikitzen. Atzoko protestarekin, horrelako proiektu bat egiteko «badela dirua eta borondate politikoa» salatu nahi izan du plataformak, eta aldiz, «Tolosaldeko ospitale publikoarekiko dagoen borondate politiko falta».
Plataformako kideek esan dutenez, Gros auzoko Basque Culinary Center berria zentro pribatua da, diru publikoarekin lagundua: «24 milioi (Jaurlaritzak 18 milioi, aldundiak 6 milioi) euro kostatu zaigu. Bestalde, erabilera sozialerako lursail bat esku pribatuetara pasa da lau urtetan, erabilera sozialeko lur eremu bat enpresa bati eman zaio 75 urtetarako, horretarako borondate politiko argia zegoelako».
Proiektuarekin bertako auzotarrak «aurka» agertu arren, aurrera egin dutela salatu du TOPAk. «Tolosaldean 14 urte daramatzagu borrokan eskualdeko ospitale publiko baten alde, baina oraindik ez dakigu zein den Tolosaldeko osasun plan orokorra. Zer borondate politiko dago Tolosaldeari begira?».
Plataformak gehitu du, Osasun Sailak «zor historikoa» duela eskualdearekin, «izan ere, 12 milioi gutxiago iritsi dira urtero beste eskualdeekin konparatuta, guztira, gure kalkuluen arabera, 236 milioi gutxiago. Zertarako nahi ditugu gure zergak? Enpresari gutxi batzuk aberasteko proiektu pribatuetan erabiltzeko edo behar oinarrizko bat betetzeko, adibidez, herritar guztion mesederako den osasun publikoan erabiltzeko?».
TOPAk dio osasun publikoa «lehentasuna» dela herritarrentzat, beraz, hura defendatzera deitu du.
