Herriarteko hiru kanporaketak aldapa gora jarri dira

Imanol Garcia Landa 2025ko mai. 22a, 20:40

Debaren aurka jokatu zuen laukote tolosarra.

Final-zortzirenetako kanporaketa lehiatzen ari dira. Joaneko jardunaldian, eskuz, Alegiak eta Amezketak 1-2 galdu zuten, eta gomazko paletan, Tolosak hiru partidak galdu zituen.

Eskualdeko hiru herri ari dira lehiatzen Herriarteko Pilota Txapelketan: Alegia eta Amezketa eskuz, eta Tolosa gomazko paletan. Asteburuan final-zortzirenetako kanporaketaren joaneko jardunaldia jokatu zuten hirurek, eta ez zuten aldeko markagailurik lortu.

Alegiak Azpeitia du aurkari, eta etxean jokatutako jardunaldian 1-2 galdu zuten alegiarrek. Kadete mailan 16-22 galdu, jubeniletan 6-22 galdu eta nagusietan 22-13 irabazi. «1 eta 2 galdu arren, alderantziko emaitza izan zitekeen», esan du Jose Luiz Zabala taldeko arduradunak. «Kadeteetan beste bikotea konpentsatuagoa zen, eta aukerak izan genituen, baina galdu egin genuen. Egindako tanto kopurua ez da txarra, eta hor egongo da gakoa kanporaketa gainditzeko». Jubeniletan azpeitiarrak aise gailendu ziren. «Nagusietan gure bi pilotariak maila izugarrian aritu ziren, eta espero dugu Azpeitian ere partida bereganatzea». Itzulerakoa bihar dute, Azpeitian, 21:00etan hasita.

Amezketak ere 1-2 galdu zuen, beraiek Bergararen aurka: kadeteek 20-22 galdu, jubenilek 2-22 galdu eta nagusiek 22-14 irabazi zuten. «Kadeteen partida oso gogorra izan zen eta emaitza estuaz galdu zuten. Irabazteko aukerak baditugu eta ea emaitza on bat lortzen duten», azaldu du Beñat Beloki taldeko arduradunak. «Jubenilen partida oso zaila da, beraiek bikote indartsua dutelako, baina lana ematera goaz. Nagusietan, Gorostidi anaiek izugarrizko maila eman zuten Amezketan, eta partida zaila nahiko erraz irabaztea lortu zuten. Kanporaketa gainditzeko aukerak ikusten ditugu nahiz eta oso zaila dugun». Itzulerako jardunaldia Bergaran jokatuko dute, bihar, 19:00etan hasita. Amezketarrek lazo beltzarekin jokatuko dituzte partidak, Herriarteko taldekidea zen Joseba Larreta Latu-ren omenez.

Tolosa bere lehen kanporaketa jokatzen ari da aurtengo txapelketan. Deba du aurkaria, eta kanpoan jokatu zuten joaneko jardunaldia, hiru partidak galduz: banaka 20-7, binaka 20-15 eta banaka 7. koadroraino 20-19. «Bost taldekide gara, eta itzulerakoan bosgarren laguna daukagu eta beste planteamendu bat egin dezakegu. Ea posible den buelta ematea», zehaztu du Iñaki Arriola taldeko arduradunak. Tolosako Beotibar pilotalekuan jokatuko dute itzulerako jardunaldia, igandean, 12:00etan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!