Bizilagunak 2025

Ekainaren 1ean egingo dira Bizilagunak egitasmoko otorduak

Ataria 2025eko maiatzaren 21a

Maiatzaren 26ra arte eman daiteke izena Sos Arrazakeria elkartearen webgunean; harrera familia, familia bisitari edota dinamizatzaile bezala eman daiteke izena.

Sos Arrazakeria elkarteak Bizilagunak egitasmoa antolatu du aurtengoan ere eta mahai baten bueltan elkartuko ditu hemen jaiotako familiak eta kanpotik hona bizitzera etorritakoak. Ekainaren 1ean egingo dira bazkariak  eta parte hartu  nahi dutenek maiatzaren 26ra arte eman dezakete izena Sos Arrazakeriaren webgunean topatuko duten formularioa beteta.

Hamabosgarren aldia da ekimena antolatzen dutena eta aurten aldaketarekin datorrela aipatu du Sos Arrazakeriako Itziar Gorostidik. Orain arte azaroko igande batean antolatu ohi izan dituzte otorduak, eta aurten, Gipuzkoan, data aurreratzea erabaki dute: «Udaberriaren usainarekin, eguraldi hobearekin jende gehiagok parte hartuko duelakoan gaude». Antolatzaileek, gainera, aukera emango dute parkeetan, merenderoetan edota kanpoko espazioetan bazkariak egiteko, orain arte etxe barruetan egiten zirenak alboratu gabe.

Harrera familia, familia bisitari eta dinamizatzaile bezala eman daiteke izena ekimen honetan eta apuntatzerakoan bete beharreko formularioan zehaztu beharko dute familiek zein figura aukeratzen duten eta baita beste hainbat xehetasun ere. Dinamizatzailea arduratuko da gero, bi aldeekin harremana egin eta antolaketa egiteaz. Maiatzaren 26a da izena emateko azkeneko eguna eta antolatzaileek aste hori baliatuko dute elkarketak egiteko.

«Desberdintasunak bereizten gaituzten mundu honetan, Sos Arrazakeriak gaiari heldu eta ekimen hau antolatzea erabaki du. Bazkari bat baino gehiago partekatzeko elkartzea proposatzen dugu. Askotan arrazakeriari aurre egiteko ez dira hots handiko diskurtsoak behar izaten, nahikoa dira gisa honetako keinu txikiak», esan du Gorostidik. 

Parte hartzeko gonbita

Eskualdeko udalek Bizilagunak egitasmoa babesten dute eta aurkezpen ekitaldira Ikaztegieta, Ibarra, Asteasu eta Tolosako alkateak gerturatu dira. Guztien izenean hitz egin du Andu Martinez de Rituertok, Tolosakoak, eta elkar ezagutzan sakontzearen garrantziaz hitz egin du: «Geroz eta gizarte dibertsoagoa dugu eta inportantea da jakitea jatorriz beste leku batekoak direnak zergatik etorri diren hona, zeintzuk diren beraien asmoak eta nolakoa den haien bizitza hemen. Funtsezkoa da horrelako ekimenak egitea, bereziki kanpotik etorri direnak estigmatizatzen ari diren garaiotan eta xenofobia gora doala ikusten ari garenean».

Martinez de Rituertok nabarmendu du behin ere ez dela erraza izaten euren herria utzi eta beste leku batera bizitzera joatea. Hori da Ndene Diopen kasua. Boolo Senegal elkarteko kidea da eta Bizilagunak ekimena Tolosaldean kudeatzeko talde antolatzailean dabil. Diopek esan du egitasmo «ona» dela urtero antolatzen dena: «Migratzailea eta autoktonoaren artean izotza puskatzeko balio dute otordu hauek. Bazkari baten bueltan eta aurrez aurre egotea da modurik onena ezezagutzari aurre egiteko». Bat etorri da aurten ekimenean parte hartuko duen Josu Iztueta ere: «Gutako asko kanpoan ibili izan gara eta oso ondo hartu izan gaituzte. Orain guri dagokigu etxean gaudela, geure erosotasunetik eta egunerokotasunetik kanpotik datozenei harrera egitea. Espazioak konpartitzeko okasio ezin hobea iruditzen zait».

Antolatzaileek Bizilagunak egitasmoan parte hartzera animatu dituzte herritar guztiak. Gainera, Kutxa Fundazioaren Hitzetik ekintzetara egitasmoaren barruan, larunbatean, Tolosan, informazio postu bat jarriko dute egitasmoaren inguruko informazioa emateko.

Berrikuntzekin dator aurtengo Bizilagunak, irudi eta logo berrituarekin –Etxean edo parkean, ezagutzea elikatzen–. Egitasmoaren harira, Tolosaldearen berri ematen duen aldizkaria (goian) prestatu du Sos Arrazakeriak eta egunotan zabalduko du eskualdeko herrietan. Kanpainaren zabalpena egiteko honako bideoa ere zabaldu du:

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!