Gaur, maiatzak 21, Aniztasun Kulturalaren Nazioarteko Eguna da. Igandean, hilak 25, berriz, Afrikako Nazioarteko Eguna ospatuko da. Data horiek baliatuta, urtero bezala, Tolosaldeko zenbait eragilek elkarlanean, Afrikako Astea antolatu dute, aurten bosgarrenez, eta ekitaldiak izango dira datozen egunetan, Tolosan eta Amasa-Villabonan.
Batetik, gaur, asteazkena, Villabonako Gurea antzokian, Banel & Adama filma ikusteko aukera izango da, jatorrizko bertsioan, gaztelaniazko azpidatziekin. 19:30ean hasiko da saioa, eta sarrera doakoa izango da.
Bihar, hilak 22, bi hitzordu izango dira Tolosan. Batetik, Divinas elkarteak antolatuta, 17:00etan, Feminismo decolonial: teoria y practica para construir alianzas ikastaroa egingo dute Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxean. Jeanne Rolande Decougna Minkette arrazismoaren aurkako aktibista feministak gidatuko du saioa.
Bestetik, 19:30ean, Tolosako zine klubak antolatuta, Dahomey dokumentala ikusi ahal izango da Leidor aretoan, doako sarrerarekin. Berlingo Zinemaldian Urrezko Hartzaren irabazi zuen eta Oscarretarako hautatu zuten. Mati Diop zinemagileak Afrikako kolonialismoaren mamuen ahotsetan barrena egindako bidaia liluragarri batean murgiltzen du ikuslea.
Azkenik, maiatzaren 30ean, 10:00etatik 12:00etara, hitzaldi bat izango da Andragoran: Sesion informativa sobre extranjeria/nacionalidad. Tolosako Udalak eta Tolosaldea Garatzenek antolatu dute, eta Jabetze Eskolaren udaberriko egitarauaren barruan kokatzen da saioa. Andragoran bertan edo Tolosa.eus webgunean eman behar da izena.