'Ombuaren itzala' filma Tolosan ikusteko aukera

Josu Artutxa Dorronsoro 2025ko mai. 20a, 19:57

Joseba Usabiaga eta Sara Cozar, 'Ombuaren itzala' pelikulako momentu batean. OMBUAREN ITZALA

Maiatzaren 28an, asteazkena, proiektatuko dute Pello Mari Otaño zizurkildarrari buruzko biopic-a, Patxi Bisquertek zuzendutako pelikula; 19:00etan izango da saioa, Leidor aretoan.

Patxi Bisquert aktore, zinema ekoizle eta zuzendari zizurkildarraren Ombuaren itzala filma Tolosan proiektatuko dute, maiatzaren 28an. 19:00etan hasiko da filma, eta lehen aldiz emango dute Leidor aretoan. Ezohiko saioa izango da, asteazkenetan ez baita film emanaldirik izaten. Azaroaren 30ean estreinatu zuten Zizurkilen, Bisquerten eta filmeko protagonista den Pello Mari Otañoren jaioterrian, eta orduz geroztik, Euskal Herriko hainbat herritan aurkeztu dute. Apirilean Bilboko Kafe Antzokian aurkeztu zuten, maiatzaren 9an, Anoetan, eta datorren asteazkenean, Tolosan ikusi ahal izango da.

Esan bezala, Pello Mari Otaño da pelikulako protagonista. Hain zuzen ere, olerkari eta bertsolari zizurkildarrari buruzko biopic bat da. Otaño XIX. mendeko eta XX. mendeko lehen hamarkadako euskal letren erreferente kulturaletako bat izan zen. Bisquertek dioenez, bere garaiko idazle euskaldun garrantzitsuenetako bat izan zen: «Bertsolari familia batean jaio zen, 1857an. Izen handieneko bertsolarien artean dago, eta haien artean modernotasunaren eredu da. Joxean Artze eta Xabier Lete poeta eta abeslariek ere errezitatu eta interpretatu dituzte haren bertsoak. Donostiako Orfeoi ospetsua harro dago bere musika-ibilbide luzea Otañoren konposizioak interpretatuz hasi izanagatik».

Argentina, Nafarroa eta Gipuzkoako hainbat agertoki naturaletan filmatu da lana. Izan ere, Otañoren historia Ameriketara egindako migrazioarena ere bada, politikoa eta ekonomikoa. «Hainbat urtez, milaka gaztek Foru Abolizioaren ondoren beren herriak utzi zituzten, Atlantikoaren beste aldean zortea probatzeko. Otañok hitzak jarri zizkien gazte etsi haien nostalgiari eta sentimenduei: Ombuaren itzala. Argentinako Panpakoa berezkoa den zuhaitzak, ‘ombuak’, bertso batzuei izena ematen die», azaltzen du Bisquertek. Bernardo Atxaga idazleak honakoa gehitzen du: «Nostalgiak jazarrita poema bat idatzi zuen, non zuhaitz bat aipatuz beste bati buruz hitz egin zuen. Poema zabaltzean, bere jaiotetxeko intxaurrondoa zuhaitz berezi bihurtu zen askorentzat, baliotsuagoa, adierazgarriagoa, atzerrira joandakoaren nostalgiaren ikur».

Joseba Usabiaga eta Sara Cozar dira protagonistak; Usabiagak gorpuzten du Otaño. Horiekin batera daude Ramon Agirre, Maia O’Brien, Iñaki Beraetxe, Klara Badiola, Hodei Arrastoa, Asier Sota aktoreak eta Anjel Mari Peñagarikano eta Oihana Iguaran bertsolariak.

Film luzea auzolanean ekoitzi dute. Horrela, proiektuak herri-oinarri zabala izan du. Euskal Herriko ehundik gora udal, kultura-elkarte, ikastola, institutu, eskola publiko eta tokiko hedabidek esku hartu dute ekoizpenean. 

Laburpena

Pello Mari Otaño hiru aldiz ere ontziratu zen Argentinako Errepublikarantz. Lehen aldian 18 urte betetzear zituela ihes egin zuen armadara dei ez zezaten. Bi urteren buruan itzuli zen, Forua Abolitu eta Karlistaldia amaitu ondoren. Handik gutxira berriro joan zen. Horren arrazoia? Aitari kantatutako errima horiek arrastoren bat ematen digute: «Amerikara noa neure borondatez / aspertu naizelako emengo suertez». Hamar urte baino zertxobait gehiago han eman ondoren, beste edozein gautxok bezala lanean, gaixorik itzuli zen, 33 urte zituela.

Madalen Alberdi ezagutzen zuen, harekin ezkondu zen eta familia osatu zuen Donostian. Hainbat literatura-lehiaketatan parte hartu zuen, eta bere olerkiengatik nabarmendu zen. Baina bere familia aurrera atera ezinean, batez ere, bere izaera politikoagatik (liberal errepublikano eta foruzalea), hirugarren eta azkenekoz abiatu zen Argentinara, emaztearekin eta hiru seme-alabekin batera. Pasaiako portuan bildutako publikoaren aurrean botatako agurreko bertsoan, aurreko bidaiarekin kontrastean, honako hau kantatu zuen: «Ez noa borondatez / beharrak narama...». Hantxe, harrerako aberri berrian hazi zen egile gisa eta bertan lortu zuen bere arte-adierazpen gorena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!