Tolosaldeak Euskadi Gastronomikaren Elkarrekin Saria jaso du

Ataria 2025eko maiatzaren 20a

Euskadi Gastronomikaren Elkarrekin 2025 Sariak turismo gastronomikoaren garapen jasangarria sustatzen duten ekimen kolektiboak aitortzen ditu.

Eskualdeak Euskadi Gastronomikaren Elkarrekin 2025 Saria jaso zuen atzo, «turismo gastronomikoa sustatzeko eredu aitzindari eta sendotuagatik». Eskualdean tokiko eragile publiko eta pribatuen artean garatutako sare zabal eta kohesionatuaren lana goraipatu zuten, eta bertako produktuak, kalitatezko ostalaritza eta bisitariari esperientzia osoa eskaintzen dion proposamen bateratua uztartzen direla nabarmendu.

Eskualdeko turismo gastronomikoaren eskaintza Tolosaldea Garatzenek gidatzen du eta 50 zerbitzu baino gehiago biltzen ditu. «Helburua da bisitariari esperientzia gastronomiko osatua eskaintzea, tokiko izaera eta benetakotasuna ardatz», esan du garapen agentziak. Saria eskuratu ahal izateko eskualdeko eragileek egiten duten lana txalotu du Tolosaldea Garatzenek eta Tolomendi agentziaren lana ere nabarmendu du, «bakoitzak beretik alea jarriz urtez urte aberasten doan sare hau posible egiten dutenak direlako». 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!