Tolosaldea Lanbide Heziketa ikastetxeko Kimika Industrialeko ikasleek pilota eskoletako esparatraputik papera egitea izan dute helburu eta baita lortu ere. Besteak beste, Villabonako Behar Zana taldeak, Errenteriako Eple elkarteak eta Añorgako pilota eskolak hartu dute parte proiektuan. Ikasleek industriako teknikak aplikatu dituzte kola kentzeko eta materiala xehatzeko, hori gero paper bihurtzeko. Prozesu horretan Tolosako LabPaper laborategiaren laguntza ere jaso dute. Lortutako papera pilotako lehiaketetan sari sinboliko gisa erabiliko dute 2025-2026 ikasturtean mendeurrena ospatzen ari den Gipuzkoako Pilota Federazioarekin hitzartutako lankidetzari esker. Ikastetxeak esan du ehun birziklatuak sortzeko aukerak aztertzen jarraitzen dutela (eskumuturreko zintak, kamisetak...) ekonomia zirkularra sustatu eta pilotari komunitateak egindako ekarpena itzultzeko.