Arineketan eta Verde Prato nabarmendu dituzte Musika Bulegoaren IX. sariketan

Ataria 2025eko maiatzaren 15a

ENDIKA PORTILLO / FOKU

Iaz kaleratutako 190 proposamen musikalen artean, Iñar Sastre irurarraren Arineketan eta Ana Arsuaga tolosarraren Verde Prato proiektuei egin diete aipamena.

Aurreko urteko emariari erreparatu, eta hamabi hilabete horietan kaleratutako proposamen musikal «esanguratsuenak» nabarmendu ditu Musika Bulegoak IX. sariketan. Bart gauean Gasteizko Jimmy Jazz aretoan jakinarazi zituzten aurtengo sarituak eta tartean dira, Arineketan proiektuan –Jagoba Astiazaranekin batera– parte hartzen duen Iñar Sastre irurarra eta Verde Prato egitasmoa gidatzen duen Ana Arsuaga tolosarra.

2024an Euskal Herrian kaleratutako 190 proposamen musikal aztertu ditu epaimahaiak eta Arineketanekin eta Verde Pratorekin batera beste sei nabarmendu ditu: Bloñ, Eneritz Furyak, Gorka Urbizu, Libe, Olatz Salvador eta Soinuak Haizean. Guzti hauek 2.000 euroko saria jaso dute, baita Fernando Mikelarena artistak diseinatutako eskultura bana ere. Aldi berean, Izarori eman diote Etxepare Institutuaren saria eta Zabaldika laukoteak eskuratu du iaz estreinatutako publikoarena.

Musika Bulegoak ohorezko sari berezi bat eman du aurtengoan ere. Benito Lertxundik jaso du garaikurra eta zuzendaritza batzordeak erabakia argudiatzerakoan aipatu du haren ahotsak, doinuek eta hitzek belaunaldi osoak markatu dituztela.

Gasteizko ekitaldian Verde Pratoren Erromantizismoa (Plan B, 2024) ere goraipatu dute, «proposamenaren nortasunagatik eta modu paregabe eta original batean abangoardia eta tradizioa nahasteagatik».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!