Esperientzia «aberasgarria» dela iritzita, parte hartzeko gonbita luzatu diete familiei orain arteko parte hartzaileek.
Noiz hasi zineten parte hartzen Bizilagunak proiektuan?
Susana Larre. 2012an, egitasmoa abiatu zen urtean hartu nuen parte lehenengo aldiz Donostian. Dinamizatzaile bezala aritu nintzen. Hurrengo urtean dinamizatzaile jarraitu nuen, baina baita familia bisitari bezala ere.
Saroi Oiarbide. Nik Susanari esker parte hartu nuen lehenengo urte hartan, berak proposatuta. Animatu nintzen eta horrela ezagutu nuen ekimena. Esperientzia polita iruditu zitzaidan.
Anifa, noiz iritsi zinen Euskal Herrira?
Anifa Ouro. 2013an iritsi nintzen. Nire senarra hemen bizi zen dagoeneko eta harekin bat egin eta familia bat osatzeko etorri nintzen hona. Iritsi eta hilabetera Bizilagunak ekimena antolatu zuten eta orduan ezagutu nituen Susana eta Saroi. Hona iritsi eta ate zoragarri bat zabaldu zitzaidan.
Zer moduzkoa izan zen lehenengo esperientzia hura?
Ouro. Oso polita izan zen egun hura, ahaztezina. Hasieratik moldatu ginen ondo. Nik ez nuen zalantza izpirik izan jende honekin. Urteotan gauza asko pasa ditugu elkarrekin eta denak politak. Edozein gauza behar dudala beti daude laguntzeko prest. Gainera, Susanaren eta Saroiren bitartez beste hainbat familia ezagutu ditut hemen Tolosan.
Larre. Bai, horrela da. Akordatzen naiz lehen aldiarekin, bitxia izan zen. Rufai senarrak denbora luzea zeraman hemen baina iritsi berria zen Anifa. Apenas zekien erdaraz hitz egiten.
Ongi komunikatu zineten elkarrekin?
Larre. Bai. Rufaik eta Anifak elkarrekin kotokoliera hitz egiten dute, bertako hizkuntzetako bat. Rufai Ghanakoa da eta Anifa Togokoa, beraz, ingelesa eta frantsesa ere hitz egiten dituzte. Nik, frantsesez pixka bat badakit eta lehen bazkari hartan saiatu nintzen Anifarekin hitz batzuk trukatzen bera ere parte senti zedin. Bide batez, prestatu zigun janari goxoagatik eskerrak ematen saiatu nintzen, nire modura.
Ouro. Hasieran komunikazioa ez zen erraza izan, ez bakarrik hizkuntzagatik. Kultura ere bestelakoa da hemen, baina, dena den, gustatzen zait; gurearen antza ere badu zenbait gauzetan. Familia asko ezagutu ditut hemen eta harrera ona egin didate beti. Hemen badauzkat odoleko senitartekoak, baina hauek nire bigarren familia dira. Niretzat Susana ahizpa baten modukoa da.
Oiarbide. Urteotan harremana mantendu dugu; ez astero, baina maiz hitz egiten dugu elkarrekin. Ekimenak balio izan digu aurreiritziak aldatzeko: askotan aritzen gara kanpotik etorri direnen inguruko iritzia ematen, haiekin batere erlaziorik eduki gabe. Nik, adibidez, nire lanbidean ez dut harreman handirik kanpotik etorri eta hemen bizi diren herritarrekin eta Bizilagunak ekimenak ematen dit horretarako aukera.
Izena eman duzue aurtengo ekimenean?
Larre. Bai. Nire semeak eskola publikora doaz, Samaniegora, eta aniztasun handia dago han, baina gero gurasook ez dugu hartu-emanik elkarrekin. Aurten berriro eman dugu izena, eta ea estutzen dugun harremana semeen gelakideen familiaren batekin. Elkarri aurpegia jarri eta elkar ezagutzeko aukera ona izan daiteke eta behin zubia eraikita, batek daki, sakondu dezakegu harremanean. Hori sustatzeko eman dugu izena aurten ere.
Ouro. Oraingoz ez dugu izena eman. Senarrarekin hitz egingo dut eta ikusiko dugu. Lanean nabil eta ez dakit libre izango naizen egun horretan.
Animatuko zenituzke beste familia migratzaileak parte hartzera?
Ouro. Bai, animatuko nituzke, niri, adibidez, bizitza aldatu baitzait familia hau ezagutu ondoren. Esango nieke etorri daitezela eta konfiantza izan dezatela, ez baita inoiz jakiten zer datorkigun. Gogoan dut nola eduki nuen bigarren semea oso gaixo jaioberritan. 20 egun baino ez zituela Donostian ingresatu behar izan genuen, senarra kanpoan zen eta bakarrik nengoen. Familia honekin utzi ahal izan nuen alaba zaharrena gaixo zegoen semearen kargu egiteko. Ez dut sekula ahaztuko; ez daukat hitzik esker ona adierazteko.
BIZILAGUNAK
- Noiz. Ekainaren 1ean, igandea.
- Non. Etxean edo parkean.
- Zer. Otordua partekatzea.
- Nola. Bete ondorengo formularioa:
