Hemen da Euskaraldiaren laugarren edizioa. Hasi da hizkuntza ohiturei erreparatu, horiek aldatu eta euskara gehiago erabili asmoz egiten den gizarte esperimentu masiboa, Euskal Herri osoan. Maiatzaren 25era bitarte ospatuko da, Elkar mugituz egingo dugu lelopean, eta hamaika egunotarako, ekitaldi sorta zabala antolatu dute Tolosaldean, Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkarteak eta herri batzordeek gidatuta.
Hizkuntza komunitate gisara, oro har, aurreko aldietan bezala, erronka handia izango da egitasmoa, eta hiztun askoren atxikimendua beharko du. Hala, aurten ere, bi rolen artean aukeratu behar izan dute herritarrek: ahobizi eta belarriprest. Ahobizi rola aukeratzen dutenek konpromisoa hartuko dute «lehen hitza beti euskaraz» egiteko eta euskara ulertzen dutenekin «elkarrizketak euskaraz mantentzeko». Belarriprest rola aukeratzen dutenek, berriz, haiekin euskaraz egiteko gonbidapena egingo diete gainerakoei.
Nahiz eta ariketak hamaika egun iraun eta milaka hiztunek parte hartu, horrek utziko duen «hondarra» urte osoan mantendu dadila nahi dute antolatzaileek. Aurtengo edizioa «indartsu» datorrela nabarmendu dute. 2018an egin zen lehena, eta pandemia garaian egindako bigarren edizioan, 2020an, «beherakada» nabaritu bazuten ere, aurten, «herriz herri ilusioa berreskuratzea» lortu dutela adierazi dute. Hala, ehunka batzorde sortu dira.
Bulego taldeak sortu du laugarren edizioaren abestia. Gure bihotzaren taupadak du izena, eta euskaraz egiteko nahia pizteko eta norberak bere ekarpen txikia eginez aldaketa handiak lor daitezkeela sentiarazteko egin dute.
Hitanoa sustatzeko
Ariketa soziala baliatuta, Euskaraldia Hika antolatu dute lehen aldiz, hitanoa sustatzeko. Aurreko edizioetan ere egin izan dira ahaleginak, eta aurten, Zirhika elkartearekin lankidetzan burutu dute. Euskaraldiaren «aldaera» bat da, eta propio bultzatuko ditu izena eman dutenak hika jardutera. Euskal Herriko ia 80 herritan egingo da; Tolosaldean, herri guztietan. Eskualdeko zenbait herritan, gainera, hitanoari buruzko jarduerak antolatu dituzte. Zizurkilen eta Anoetan, adibidez, tertulia bana egingo dute.
Zizurkilen maiatzaren 19an, astelehenean, izango da, 18:00etan, Iriarten. Hitanoa Zizurkilen. Hi, ze esaten? izenburupean, herriko zenbait emakumek parte hartuko dute. Ainhoa Larrea euskara teknikariak azaldu duenez, Kultura eta Euskara Mahaian sortutako ideia bat izan zen: «Herrigunean hitanoa erabiltzen dute, bereziki, gizonezkoek. Emakumeek, geroz eta gutxiago erabiltzen dute, eta desagertzen ari den forma da. Hala ere, badira zenbait emakume beraien artean noka egiten dutenak. Beraz, horiek biltzea pentsatu genuen».
Anoetan, berriz, maiatzaren 22an, osteguna, Eingo al diñau noka? tertulia egingo dute; 18:00etan izango da, eragileen lokalean. Ane Urkola Anoetako batzordeko kideak aurreratu du «ekitaldi xumea» izango dela: «Herriko emakumeen artean noka egiteko espazio eroso bat sortu nahi dugu. Bakoitzak nokarekin izan duen harremana kontatuko du eta gaiaren inguruan hausnartuko dugu».
Nokaren galera
Belaunaldi desberdinetako emakumeak bilduko dira Zizurkilen; Uxoa Elustondo eta Amaia Agirre billabonatarrek ere parte hartuko dute tertulian. «Esperientzia pertsonalak eta hitanoa erabiltzean izaten dituzten sentipenak kontatuko dituzte, eta gaiaren inguruan hausnartzea izango da helburua». Saio irekia izango da, eta herritar orok izango du bertaratzeko aukera. «Polita litzateke gazteen artean ere noka egiteko grina sortzea», gaineratu du Larreak.
Anoetakoa ere saio irekia izango da, eta nahi duenak entzutera joateko aukera izango du. Bereziki, adineko herritarrak gerturatuko direla espero du Urkolak. «Zoritxarrez, nokaren erabilera galtzen joan da belaunaldiz belaunaldi. Ondorioz, belaunaldi desberdinetako herritarrei bideratutako saioa izango da. Hori bai, gazteak animatzen badira, guretzat hobe, tertuliaren helburua ere izango delako transmisioan eragitea», esan du.
Urkolak uste du nokaren transmisio galera horretan generoak «paper garrantzitsua» izan duela; generoak izan duen pisuaz ere hitz egingo dute tertulian. «Neskoi beti esan izan digute finak izan behar dugula, atseginak, adeitsuak, eta zenbaitentzat, hikak formaltasun hori galdu izan du, eta zabarkeriarekin lotu izan da».
Rositaren eskola
Atzo, ariketa sozialarekin lehen kontaktua izan zuten zenbait herritarrek Galtzaundiren Tolosako egoitzan. Lizartzan bizi den Itziar Saenz de Ojer pedagogo eta pailazoak Euskaraldia Andereño Rositarekin bakarrizketa egin zuen. Ekimenerako propio prestatu duen saioa da, eta datozen egunetan, eskualdeko herri gehiagotan egingo du.
Euskaraldiaren helburuak, nondik norakoak edota azalpenak modu umoretsuan zabaltzeko proposamena luzatzen du Rositak, eta ordubete inguruko iraupena duen klase teoriko-praktikoa ematen du. Besteak beste, Euskaraldian eman daitezkeen askotariko egoeren kasu praktikoak edota estres linguistikoa kudeatzeko aholkuak emango dizkio ikusleari. «Galdera-erantzunez osatutako dinamika parte hartzailea izango da», azaldu du Saenz de Ojerrek.
Rosita euskaltzale borrokatua da, eta euskararekiko maitasuna Euskal Herrian zehar zabaltzeko helburuarekin, «punta puntako metodologia eta teknologia» erabiliko du. «Euskaraldiak sortu nahi duen ilusioa eta giro positiboa bultzatu nahi dut. Horretarako, umoreak duen indarraz baliatzen naiz», esan du pedagogo eta pailazoak.