Aralarren kudeaketarako 2035 arteko akordioa sinatu dute

Ataria 2025eko maiatzaren 14a

Arantxa Ariztimuño Nekazaritzako eta Lurralde Orekako zuzendaria, Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko Diputatua, Adur Ezenarro Mankomunitateko lehendakaria eta Mikel Arteaga lehendakarikidea. IREKIA

Aralarko natura, abeltzaintza eta ondarea babesteko lankidetza hitzarmen estrategikoa sinatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Enirio-Aralar Mankomunitateak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Enirio-Aralar Mankomunitateak Aralarko natur espazioaren kudeaketarako akordio estrategikoa sinatu dute, datozen hamar urteetarako egonkortasuna eta lankidetza instituzionala bermatuz. Sinatutako Kudeaketa Plan Orokorrak natur eta kultur ondarearen babesa, abeltzaintza jardueren sustapena eta inguruko azpiegituren egokitzapena jaso ditu ardatz nagusi gisa.

Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko foru diputatuak eta Adur Ezenarro Enirio-Aralar Mankomunitateko lehendakariak aurkeztu dute gaur goizean hitzarmena, Donostian egindako prentsaurrekoan. Arrutik nabarmendu du akordio hau «hamaika hilabetetako elkarrizketa eta lanaren fruitua» dela, eta bere esanetan, «abere hazleen eta gizarte osoaren mesedetan, Aralarko etorkizun jasangarria bermatuko du».

Jarraipenerako batzorde bateratua
Akordioaren helburuen artean daude Aralarko abeltzaintza eta artzaintza jarduerak indartzea, biodibertsitatea eta paisaia babestea, eta ingurumenaren alorreko azpiegiturak egokitzea. Era berean, Mankomunitatearen egitura eta funtzionamendua berrantolatu eta «finantzaketa egonkorra» jasoko du: Foru Aldundiak urtero 350.000 euroko ekarpena egingo du, eta bi erakundeek ekintzen jarraipenerako batzorde bateratua eratuko dute.

Ezenarrok nabarmendu du «artzainak eta haien jarduera ezinbestekoak» direla Aralar ulertzeko eta kontserbatzeko, eta Plan berriak «arduraz kudeatutako etorkizun baterantz» eman duela urratsa.

Adostutako puntuak
Planak sei eremu estrategikoren kudeaketa jasotzen du, hezeguneen, flora eta faunaren babesa eta sistema karstikoaren zaintza barne. Abeltzaintzari dagokionez, larreak eta artzainen lan-baldintzak hobetzeko neurriak aurreikusten dira, eta Elutxeta, Arritzaga eta Pagabeko bideak egokituko dira.

Klima aldaketari aurre egiteko, basoen erresilientzia handitu eta babesleku klimatikoak sortuko dira. Kultur ondarea zabaltzeko interpretazio-euskarriak eta inbentarioa ere garatuko dira.

Planaren garapenean hainbat eragilek parte hartu dute, eta jendaurrean jarriko da herritarren ekarpenak jasotzeko. Aldundiak eta Mankomunitateak gizartearen parte-hartzea ere aintzat hartu dute: Kudeaketa Plana jendaurrean jarriko da, herritarren ekarpen eta alegazioetarako aukera zabalduz.

Akordio hau mugarri garrantzitsua da Aralarko etorkizunerako, eta Gipuzkoako landa-eremuen iraunkortasunerako estrategia zabalagoaren baitan kokatzen da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!