Elkarrizketa

«Preso ohi asko ditugu kalean, eta beharrak izugarri handitu zaizkigu»

Josu Artutxa Dorronsoro 2025eko maiatzaren 14a

Jokin Aranalde eta Eider Mintegi Harrera elkarteko kideak.

Euskal presoen etxeratze bidean laguntzeko oinarri ekonomikoa bermatu asmoz, 5.000 bazkide izatera iritsi nahi du Harrerak; horretarako, bazkidetza kanpaina martxan du. Hilaren 20an, Tolosan aurkeztuko dute.

Azken urteotan, goitik behera aldatu da euskal preso eta iheslarien egoera. Euren zigorrak bete izanagatik, inoiz baino espetxeratu, erbesteratu eta deportatu ohi gehiago dago kalean. Egoera honek, baina, Harrera elkartearen lana biderkatzea ekarri du. Orain arte, dispertsioak eragindako gastuei aurre egiteko laguntza eskatzen zuten; egun, Jokin Aranalde Harrerako zuzendaritzako kideak eta Eider Mintegi elkarteko bazkideak azaldu dutenez, etxera itzultzen direnen beharrei erantzutea eta haien bizitza berria duintasunez eraikitzeko laguntza ematea dagokio elkarteari. Hori dela eta, bazkidetza kanpaina jarri dute martxan, 5000 baietz! lelopean, eta maiatzaren 20an, asteartea, aurkezpen saioa egingo dute Tolosako kultur etxean.

Zer lan egiten du Harrerak?

Jokin Aranalde: 2012an sortu zen. Gatazka armatua amaitu zenean, preso eta iheslariak etxeratzeko prozesu luzea abiatu genuen, eta berehala jabetu ginen birgizarteratzeko behar handiak izango zituztela eta laguntza eman beharko geniela; duintasunez bizitzeko aukerarik gabe itzultzen ziren etxera. Orain, elkarteak gutxieneko laguntza ematen die: agiri ofizialak egiteko laguntza, laguntza humanitarioa, ekonomikoa, osasun laguntza...

Dispertsioa amaitzen hastearekin batera, dimentsio handiagoa hartu du laguntzak. Une honetan, preso ohi asko ditugu kalean, eta beharrak izugarri handitu zaizkigu, eta ondorioz, baita gastuak ere. Hori dela eta, elkarteak hausnarketa sakon bat egin behar izan du, orainari eta etorkizunari begira. Gure lana funtsezkoa da une honetan, eta hortik dator bazkidetza kanpaina, behar ekonomikoa handia delako.

Espetxetik atera aurretik, presoarekin harremanetan jartzen da elkartea. Artikulu, arau eta baldintza ugari izaten dira tartean, eta beraz, halako egoerarik bizi ez duenarentzat, ulertzeko zaila den labirintoa da. Presoak kalea zapaltzeko aukera duenerako, zenbait laguntza ematen saiatzen gara: lan mundurako prestatzeko, ikastaroren bat egiteko, gidabaimena lortzeko... Guzti hori kartzeletik hasten gara egiten.

Nolako laguntza behar izaten dute preso eta iheslari ohiek?

Aranalde: Pertsona bakoitza mundu bat da. Guztiok behar desberdinak ditugu. Batzuek familia gertu dute, beste batzuek, ordea, ez, eta badira familiarik ez dutenak ere. Zenbaitek, 30 urte baino gehiago igaro ditu kartzelan. Zenbait, kalera ateratzen direnean, ezer gabe daude, eta hortaz, laguntza handia behar dute, eta badira kalera atera, lanera edo ikastera joan, eta gauez kartzelara itzultzen direnak. Bestelako arazoak ere badira. Batzuek ez dute gidabaimenik, ezta osasun txartelik ere. Kasu horietan guztietan erraztasunak ematen dizkiegu.

2018an, 300 preso ziren; gaur egun, berriz, 117, eta horietatik erdia, askatasun egoeran dago. Nola egin diozue aurre aldaketa honi?

Aranalde: Elkartea berregokitu behar izan dugu, eta ikuspegia epe luzera begira kokatu. Jende asko dugu inguruan, presoekin, gizartera begira edota motibazio politikoa duten beste elkarte batzuekin lan egiten dutenak. Horien laguntza eta babesa ere jasotzen dugu, mila modutara, presoek kalea zapaldu dezaten, ordu batzuetarako baimena izan dezaten edota hitzaldiak antolatzeko. Zenbait enpresa eta erakundek ere laguntzen gaituzte. Ateak zabalik ditugu, eta gehiago ireki nahi ditugu. Ohituta gaude lan isila eta zaila egiten, baina politikarien borondatea ere garrantzitsua izango litzateke.

Zer ari da izaten zailena prozesu guzti honetan?

Aranalde: Gatazka politikoak zenbait harresi utzi ditu gizartean. Konfiantza handia sortu behar da, besteak beste, enpresetan, erakundeetan edo norbanakoen artean. Lan zaila da eta denbora eskatzen du. Bestetik, ekonomikoki, dimentsio handia hartzen ari denez, kezka areagotu zaigu.

Nola aldatu da elkartearen egitura?

Aranalde: Norbanakoen, elkarteen, enpresen eta erakundeen borondatezko ekarpenekin erantzuten diegu premia larrienei. Elkartearen aurrekontuaren oinarria, baina, bazkideen eta laguntzaileen ekarpenak dira. Orain, horiek areagotzea nahiko genuke. Bazkide berriak behar ditugu. Esku asko behar ditugu inguruan. Gizartean kontzientzia zabaldu behar dugu gatazkaren ondorioak oraindik ez direla bukatu, eta oso garrantzitsua dela inor ez baztertzea. Asko dira ondorio larriak pairatu dituztenak, eta horiek behar bezala artatu behar dira. Elkarbizitzaz eta bizikidetzaz hitz egiten denean, herritar asko poztu egiten dira, baina kontua ez da hor amaitzen. Lanean jarraitu behar da.

Bazkide berriak izateko, kanpaina bat abiatu duzue. Nolako erantzuna izaten ari da?

Aranalde: Euskal Herri osoko herri eta auzo gehienetan egingo ditugu aurkezpenak. Herritar askok ez du elkartearen dimentsioa behar bezala ezagutzen. Hortaz, guretzat ezinbestekoa da ezagutaraztea. Oraingoz, hasiera besterik ez da, baina baditugu bazkide berriak. Herritarrek ondo erantzungo dute eta bazkide egingo dira. 5.000ko erronka jarri dugu, baina badakigu gehiago izango direla.

Eider, zuk nolatan erabaki zenuen bazkide izatea?

Eider Mintegi: Orain arte, presoen etxeratzearen gaian jarri izan du fokua elkarteak. Hala ere, ez ginen jabetzen horrek gerora zer nolako beharrak sortzen dituen. Hori dela eta, Lizartzan egin zuten aurkezpenean, elkartearen egitekoekin batera, zenbait datu azaldu zituzten, eta beharren berri ere eman zuten. Une horretan, argi ikusi nuen nik ere elkarteari laguntza eman nahi niola.

Nola lagundu dezakete bazkideek?

Mintegi: Zehaztuta dago, gutxienez, urtean 60 euroko ekarpena egitea, hilean bost eurokoa. Hala ere, norberak erabaki dezake zenbateko diru ekarpena egin nahi duen.

Askotariko laguntzen gastua laukoiztu egin da azken urteetan. 2018an, 80.000 eurokoa izan zen aurrekontua; 2024an, berriz, ia 340.000 eurokoa.

Aranalde: Eta handitzen joango da. Argi dugu iheslari eta preso guztiak kalean izango direla epe laburrean. Duintasun osoz kalean bizi behar dute, baina, horretarako, beharrak handiak dira. Hori da gure kezka eta lan nagusia.

Harrera elkartearen lan eremua eta beharrak handiagoak dira. Adibidez, etxebizitza sare baten beharra aipatzen duzue. Gaur egun, Donostian bat izan arren, epe motz-ertainean, azpiegitura sare hori handitzea beharrezkoa izango dela diozue.

Aranalde: Askotan, presoak ordu jakin batzuetarako bakarrik ateratzen dira kartzelatik. Familia gertu dutenen kasuan, ez da arazorik izaten, baina Iruñea aldeko preso bat Martuteneko espetxean baldin badago, egoera are zailagoa da. Onartezina da kalean botata egotea. Hortaz, lasai egoteko edo otorduak egiteko txoko bat daukagu.

Etxebizitzaren arazoa, baina, larriagoa da. Askok ez daukate bizitzeko tokirik eta, martxa honetan, geroz eta gehiago izango dira. Familiatik, lagun artetik, saiatzen gara babesa bilatzen, baina ezinezkoa izaten da beti lortzea. Berez, oso garrantzitsua da, autonomia pixka bat izan dezaten; bestela, batzuk beti daude familiaren edo ingurukoen menpe. Kezka handia sortzen duen gaia da.

5.000 bazkide izatea da erronka. Beste erronka bat, urte gutxiren buruan, guztiak kalean edo etxean egotea izango da. Horrek, baina, elkartearen lana handituko du.

Aranalde: Kontuan izan behar dugu espetxean urte luzez isolamenduan bizi izandako preso askok edota ihesean egondako askok osasun arazo larriak dituztela. Beraz, gure jarraipenak ez du soilik materiala izan behar, baita humanitarioa ere, hau da, gizarteratzerakoan topatu dezaketen edozein arazo edo zailtasun gainditzen lagundu behar diegu. Elkarteak hori ere zaindu behar du. Urte luzetan izango dugun arazoa da, eta argi dugu gure laguntzak handitu beharko direla. Medikuen sarea handitzea da erronketako bat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!