Alegiak eta Amezketak aurrera egin dute Herriarteko Txapelketan

Ataria 2025eko maiatzaren 13a

Amezketa eta Amasa-Villabona arteko nagusien partidaren une bat, joaneko jardunaldian, Amezketako Larrunarri pilotalekuan.

Eskuzko modalitatean ari dira jokatzen bi herriak. Amezketak Amasa-Villabonari irabazi dio kanporaketa eta Alegia Oñatiri gailendu zaio. Adunak Azpeitiaren aurka galdu du.

Herriarteko Txapelketaren final-hamaseirenetako itzulerako jardunaldiak jokatu dira asteburuan, eta eskuzko modalitatean Alegiak eta Amezketak aurrera egin dute. Amasa-Villabonak eta Adunak ez dute aukerarik izan kanporaketa gainditzeko.

Hain justu, Amezketak Amasa-Villabonaren aurka jokatu du kanporaketa eta 6-0 irabazi du orokorrean, itzulerakoan ere hiru partidak bereganatuz. Asteburuan kadeteek 22.20 irabazi dute, jubenilek 22-15 eta nagusiek 22-8. Asteburuan final-zortzirenetako kanporaketa hasiko du Amezketak Bergararen aurka.

Alegiak Oñatiri 5-1 irabazi dio orokorrean, itzulerakoan 1-2 gailenduz. Asteburuan kadeteek 7-22 irabazi zuten, jubenilek 7-22, eta nagusiek 22-12 galdu zuten. Alegiak orain Azpeitia izango du aurkari final-zortzirenetan. 

Bere aldetik, Adunak zaila zuen joaneko 3-0ekoari buelta ematea Azpeitiaren aurka, baina partida bat irabaztea lortu zuen aurkarien etxean. Kadeteetan 11-22 irabazi zuten adunarrek, eta jubeniletan 22-4 galdu eta nagusietan 22-7 ere galdu. 

Gomazko paletari dagokionez, Tolosa hasiko da parte hartzen asteburuan, eta Deba izango du aurkari final-zortzirenetan. Joaneko jardunaldia etxetik kanpo jokatuko du.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!