Herri sahararraren aldeko ekitaldiak antolatu dituzte

Ataria 2025eko maiatzaren 14a

Tolosaldea Sahararekin elkarteak urtero antolatzen duen Maiatza Borrokan egitaraua osatu dute hil honetarako; dokumentala, elkarretaratzea eta Bueltaka egingo dituzte.

Maiatza sahararren aldeko hila izan ohi da eskualdean. Izan ere, urteak dira Tolosaldea Sahararekin elkarteak Maiatza Borrokan izeneko sentsibilizazio jardunaldia antolatzen duela, eta hala egin du aurtengoan ere. Hain justu, pasa den larunbatean abiatu zuten egitaraua Anoetan egin zuten Senidetze Festarekin. Bertan, Anoetako Udala eta sahararren Echraifia herria senidetu egin ziren, harremana irudikatzeko ikurrina eta Mendebaldeko Saharako bandera batera haizeratuz.

Datorren astelehenean emango diote jarraipena egitarauari, eta 18:30etan, Topic-en, Tolosaldea Sahararekin elkartearen 25. urteurreneko dokumentalaren estreinaldia izango da ikusgai. Izan ere, elkarteak aurten 25 urte betetzen ditu eta 25 urte hauetan izandakoaren laburpena, aitortza eta omenaldia ere izango dira tartean. Goiuri Ezeiza Tolosako Udaleko kultur zinegotziak aurkeztuko du dokumentala, eta ikus-entzunezkoaren ostean, Iñigo Asensio musikariak zenbait pieza joko ditu aretoa girotuz.

Maiatzak 20an, asteartean, Villabonako plazan elkarretaratzea deitu dute, 19:00tan hasita, Autodeterminazioa eta independentzia Mendebaldeko Sahararentzat! lelopean. Herritarak bertaratzeko deia egin dute antolatzaileek.

Egitarauarekin amaitzeko, ohi moduan, Bueltaka egitasmoa antolatu dute. Aurten, maiatzaren 25ean, igandean egingo dute Berazubi estadioan. Urteroko moduan, buelta bakoitzeko euro bat dohantzan ematea izango da asmoa. Horrela, kirola eta elkartasuna uztartuz, bultzada ekonomikoa lortzeko helburu izango dute. Antolatzaileek herritarrak animatu dituzte, «familian edo lagunartean parte hartzera ahalik eta buelta gehien eman arte». Aldez aurretik, eragile eta enpresei laguntza eskatuko diete, «beraiek dohantzan eman nahi duten kopuruarengatik guk korrika edo oinez bueltak emango ditugularik».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!