'Puzzlea osatu arte' ekimena Amasa-Villabonan eta Lizartzan

Ataria 2025eko maiatzaren 13a

Sare Herritarrak nazio dinamika egingo du asteburuan zigorra erregimen itxian betetzen ari diren euskal presoei ezartzen zaien salbuespen araudia bertan behera utz dezaten eskatzeko. Larunbatean egingo dituzte ekitaldiak Amasa-Villabonan eta Lizartzan.

Euskal presoen etxeratze prozesuaren puzzlea osatzeko asmoz, Sare Herritarrak Lesaka eta Iruñea batuko dituen mobilizazioa egingo du asteburuan, maiatzaren 17an eta 18an, erregimen itxian dauden euskal presoen udalerriak batzeko eta horien «etxerako bidea» sustatzeko. Tolosaldeari dagokionez, Amasa-Villabonan eta Lizartzan egingo dituzte ekitaldiak larunbat honetan.

Gaur egun dauden 117 euskal presoetatik, 58 ari dira betetzen zigorra erregimen itxian; salbuespen araudia ezartzen dietela salatu du Sarek, eta nabarmendu du, «lege arrunta ezarriko balitzaie denak erregimen irekian leudekeela». 58 euskal preso horien jaioterri diren 29 udalerriak elkartuko dituzte asteburuan Puzzlea osatu arte ekimenarekin, Lesaka eta Iruñea artean.

Erregimen itxian dauden euskal presoen jaioterrietako bi Tolosaldean daude eta, hortaz, mobilizazioak egingo dituzte bi herri horietan asteburu honetan. Amasa-Villabonan, larunbatean, 13:30ean egingo dute Puzzlea osatu arte ekitaldia, Malkar plazan. Bertara joan aurretik, 12:30 aldera, bi hitzordu antolatu dituzte: batetik, Iratzarren mokadua; bestetik, gazte blokean, Onddo Gazte Asanbladakoekin trikipoteoa.

Lizartzan ere egun berean egingo dute Puzzlea osatu arte ekitaldia. Kasu honetan, baina, 14:00etan egingo dute. Aurrez, 13:30ean, giza-katea egingo dute. Behin ekitaldiak amaituta, bazkaria antolatu dute. Bazkarirako txartelak honako tabernetan daude salgai: Lizartzako Ostatuan, Tolosako Amaiurren eta Ibarrako Atarin eta Zubiaurren. Helduek 20 euro ordaindu beharko dute; gazteek, berriz, 10 euro. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!