Francesco Tonucci pedagogoa eskualdean izango da

Ataria 2025ko mai. 13a, 11:57

Maiatzaren 15etik 18ra egonaldia egingo du Tolosaldean eta saioak eskainiko ditu Abaltzisketan eta Zizurkilen.

Francesco Tonuccik egonaldia egingo du  maiatzaren 15etik 17ra Tolosaldean. Abaltzisketako Txalburu eta Zizurkilgo Mendigain herri eskoletara bisitak egin eta barne formazioa eskaintzeaz gain, larunbatean, maiatzaren 17an, saio berezia egingo dute Mendigain eskolan 10:30etik 12:30era. Tonucci bertan izango da eta hitzordua baliatuko dute Elena Laiz Sasiainek argitaratutako 100 lengoaia, 11 esperientzia liburua aurkezteko; bi eskola hauetako esperientzia kontatuz idatzi du. Aurretik, Beste eskola ba beharrezkoa da. Beste eskola bat posible da hitzaldia eskainiko du Abaltzisketako Goibegi aretoan, ostegunean, 18:00etatik aurrera.

Tonucci psikopedagogo italiarrak egindako proposamenari heldu eta duela 11 ikasturte eraldaketa prozesua abiatu zuten  Txalburu eta Mendigain herri eskoletan. 100 lengoaia, 11 esperientzia deitutako proiektuari hasiera eman zioten eta urte hauetan aldaketa filosofiko, metodologiko eta pedagogikoa bizi izan dute bertako maisu-maistrek, ikasleek, familiek eta herriek.

Eskualdeko bi eskolek bidelagun izan dute Tonucci urte hauetan guztietan. Hiru aldiz izan dute aurre aurre harekin egoteko aukera eta birtualki formazioak eta aholkuak jaso izan dituzte haren eskutik: «Ezinbesteko bidelagun izan dugu eta badakigu gure berri ematen duela munduan zehar. Guretzat ohore bat da Escuelas de la convencion (de los derechos de la infancia) sareko kide izatea», aipatu dute bi eskoletako irakasleek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!