Ioseba Mateos eta Erika Amundarain saridun, Gironan

Ataria 2025eko maiatzaren 9a

Erika Amundarain eta Ioseba Mateos, larunbatean dominekin, Medas uharteak atzean dituztela.

Igerilari ibartarra bigarren izan zen Neda el Mon Illes Medes itsas zeharkaldiko 1,7 kilometroko proban, eta billabonatarrak urrezko domina eskuratu zuen 5,1 kilometrokoan.

Larunbatean, Ioseba Mateos igerilari ibartarrak eta Erika Amundarain igerilari billabonatarrak Neda el Mon Illes Medes itsas zeharkaldian parte hartu zuten, Gironan (Herrialde Katalanak). Mateosek 1,7 eta 5,1 kilometroko probetan parte hartu zuen; Amundarainek, berriz, luzean bakarrik.

Proba motzean, bigarren sailkatu zen ibartarra, 27 minutu eta 34 segundoko denbora eginda. Miquel Roger izan zen garaile, 26.34ko denborarekin, eta Daniel Ortiz helmugaratu zen hirugarren postuan, 29 minutu eta 14 segundoko denbora eginda. Mateosek zilarrezko domina eskuratu zuen, eta 30 urtez gorako kategorian onena izan zen.

Proba luzean, berriz, Amundarainek erakustaldi handia eman zuen. Bosgarren izan zen sailkapen nagusian, Mateosen atzetik helmugaratu ondoren; ibartarra laugarren izan zen. Emakumezkoetan, aise irabazi zuen billabonatarrak, bigarren sailkatuari bederatzi minutuko aldea aterata. Ordubete, 10 minutu eta 50 segundoko denbora egin zuen Amundarainek; Olga Fontecha izan zen bigarren, ordubete 19 minutu eta 50 segundoko denborarekin; eta hirugarren postuan Aurelia Teixidor helmugaratu zen, ordubete, 20 minutu eta 5 segundoko denbora eginda. Gizonezkoetan, Mateos hirugarren sailkatuarengandik bi minutu pasatxora heldu zen. Hala ere, bigarren izan zen 30 urtez gorako kategorian.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!