Ilusioa eta gogoa. Horiek nabari zaizkio Xabi Tolosa (Anoeta, 1995) pilotariari, bihar Villabonan jokatuko duen partidaren atarian. Eta ulertzekoa da, ia sei hilabete igaro baitira azken partida jokatu zuenetik. Aste luzez egon zen eskuin eskumuturra minduta, irtenbiderik ezin topatu. Azkenean, urtarrilaren 3an egin zioten ebakuntza, eta geroztik, gogo handiz aritu da entrenatzen. Bihar itzuliko da kantxetara, bere bigarren etxea den Villabonako Behar Zana pilotalekuan, bertan aritzen baita pilota elkarteko umeen entrenatzaile.
Tolosak Ezkurdiarekin osatuko du bikotea, eta Urrutikoetxearen eta Iztuetaren aurka jokatuko dute. 21:15ean hasiko da jaialdia, eta lehen partidan, ondorengo bikoteek jokatuko dute elkarren aurka: Alberdi II-Ugartemendia eta Murua-Gaskue. Berez, Buruz Buruko Serie B Txapelketako bi partida zeuden iragarrita partida nagusiaren aurretik, baina zenbait arrazoi medio, aldaketak egin behar izan dituzte. Azken orduko aldaketak direla eta, enpresek, udalak eta pilota elkarteak hala adostuta, sarrerak itzultzeko aukera izango da esteka honetan.
Ezer baino lehen, zer moduz zaude?
Ondo. Lau hilabete igaro dira ebakuntza egin zidatenetik, eta azken asteotan entrenamendu nahiko gogorrak egiten ari naiz. Eskumuturra ez zait arazorik ematen ari, eta partidak jokatzeko gogo handia daukat.
Gogoan duzu jokatutako azken partida?
Abuztuan hasi nintzen eskumuturrean mina sentitzen, eta hilabete amaieran geldialdi bat egin nuen. Beranduago, beste saiakera bat egin nuen; azaroan partida bat jokatu nuen. Hala ere, minez jarraitzen nuen, eta orduan, uztea erabaki nuen, guztiz sendatu arte.
Ia sei hilabete egin dituzu kantxetatik kanpo. Luze egingo zitzaizun, ezta?
Arazoekin hasi nintzenetik, hilabete asko egin nituen noraezean; galduta ibili nintzen, eskumuturrean zehazki zer neukan jakin gabe. Espezialista askorengana jo nuen, baina ez zuten irtenbiderik topatzen. Azkenean, Madrilera joan nintzen, eta eskumuturretan aditua den Francisco Piñal medikuak topatu zuen arazoa. Hori jakinda, konponbidea une batetik bestera eman zidan, eta lasaitu ederra hartu nuen.
Zer sentitzen zenuen lehen hilabeteetan?
Batez ere, amorrua. Lehen asteak izan ziren txarrenak. Inork ez zidan esaten zer lesio nuen. Batera eta bestera ibili nintzen, tratamendu desberdinak probatzen. Erresonantzia eta azterketa asko egiten genituen, baina irudietan ez zuten antzematen minaren benetako jatorria. Diagnostiko zehatz bat ez daukazunean, une oso gogorrak igaro behar izaten dituzu. Guztia ondo zegoela esaten zidaten medikuek. Ezer larririk ez zela pentsatzen nuen orduan, eta pilotan jokatzen jarraitzen nuen. Hala ere, eskumuturrak ez zidan uzten %100ean jokatzen; ez nengoen eroso, eta horrela jarraitzea ezinezkoa zen.
Zein izan zen konponbidea?
Ebakuntza egitea. Urtarrilaren 3an egin zidaten, eta ordutik aurrera, alderdi fisikoa lantzeko aukera izan dut. Frontoiko saioak, berriz, pixkana egin behar izan ditut. Asteak igaro ahala, lan karga handitzen joan naiz, eta une bakar batean ere ez dut minik sentitu eskumuturrean; ez dit arazorik eman. Aitortu behar dut azken bi hilabeteak nahiko arin igaro zaizkidala. Azken asteotan normaltasun osoz entrenatu ahal izan dut, inolako lesiorik edukiko ez banu bezala. Honek guztiak konfiantza eta lasaitasuna ematen dit biharko partidari begira.
Txema Urrutia medikuak asko lagundu dizu, ezta?
Bai. Oso eskertuta nago. Ordu pila bat igaro ditu nire ondoan, eta dei ugari egin dizkiogu elkarri hilabete hauetan. Adituengana joaten nintzenean, uneoro laguntzen ninduen, eta berari esker, konponbidea topatu genion arazoari. Berari esker ez balitz, bihar ez nintzatekeen pilotan jokatzeko gai izango, eta deskuidatuz gero, pilotako ibilbidea ere bertan behera utzi beharko nukeen. Une batzuetan nire burua pilotatik kanpo ikusi dut lesio honengatik.
Bihar, etxetik gertu jokatuko duzu. Zer sentitzen duzu?
Pozik nago, eta gozatzeko gogo handiarekin. Villabonan, Behar Zana Pilota Elkarteko haurrei irakasten aritzen naiz, eta beraz, etxean bezala sentituko naiz. Opari bat izango da niretzat berriro kantxetara itzultzea.
Nolako partida aurreikusten duzu?
Oso kontentu nago Ezkurdiarekin jokatzeko aukera izateagatik, egungo binakako txapelduna delako eta harreman handia dugulako. Ziur naiz asko lagunduko nauela. Hala ere partida gogorra aurreikusten dut, batez ere, atzeko koadroetan, Iztueta denboraldi bikaina egiten ari baita.