Eki Lizaso bederatzigarren, junior mailako Munduko Txapelketan

Ataria 2025ko mai. 8a, 16:55

Eki Lizaso, Gipuzkoako Txapelketan. MIKEL BRINGAS

Danok Danena halterofilia taldeko pultsulariak 96 kiloko kategorian parte hartu zuen; snatch modalitatean, 151 kilo altxa zituen, eta bi denboratan, 178 kilo.

Denok Danena halterofilia taldeko Eki Lizaso pultsulari billabonatarrak Liman (Peru) jokatutako junior mailako Munduko Txapelketan parte hartu zuen, larunbatean. Ez zuen lortu aurtengo markak berdintzea, baina iazko Munduko Txapelketan lortutako hamargarren postua hobetu zuen. Izan ere, bederatzigarren izan zen Lizaso.

96 kiloko kategorian parte hartu zuen, eta snatch modalitatean, hau da, lurretik zuzenean, 151 kilo altxa zituen. Aurrez, ezin izan zituen 150 kilo altxa, eta gero, 153 kilo altxatzen saiatu zen, baina ahalegin hori ere ezerezean geratu zen. Emaitza horri esker, zazpigarren izan zen sailkapenean. Bi denboratan, berriz, 178 kilo altxa ondoren, bitan saiatu zen 183 kilo altxatzen, baina ezin izan zuen, eta ondorioz, hamargarren postuan sailkatu zen. Sailkapen nagusian, bederatzigarren izan zen Lizaso.

Denboraldi honetan, dagoeneko bi aldiz lortu du Espainiako errekorra bere kategorian. Urtarrilean bi denboratan 182 kilo altxatzea lortu zuen; apirilean, berriz, Gipuzkoako Txapelketan 183 kilo altxa zituen.

Larunbatean, Euskadiko Txapelketa Zizurkilen

Larunbat honetan, Danok Danenak antolatuta, Euskadiko Halterofilia Txapelketa Nagusia jokatuko da Zizurkilgo Intxaur frontoian. Goizeko saioa 10:00etatik 13:30era izango da. Arratsaldekoa, berriz, 15:00etatik 20.00etara.

Euskal Herriko pultsulari onenak ikusteko aukera izango da. Emakumezkoetan, Danok Danenako lau pultsularik parte hartuko dute: Izarne Marko, Susana Davila, Lorena Wepsiec eta Amaia Mendiero. Gizonezkoetan, berriz, eskualdeko taldeko bederatzi pultsulari ariko dira: Ekaitz Kortajarena, Jon Kepa Kortajarena, Kristian Labaka, Stalin Cueva, Igor Sasiain, Pablo Ucero, Eki Lizaso eta Jon Ander Iriarte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!